Dagoeneko badakigu Kalifornian jatorria duen Pinus radiata landaketa intentsiboek kolapsoa eragin dutela Bizkaiko paisaian. Aurreikuspenen arabera, bost urteren buruan pinu landaketa ia guztiak (70.000 ha baino gehiago Bizkaian) pinuen osasuna erabat kaltetzen duten honako hiru onddoek jota egongo dira: Banda gorria, Banda marroia eta Fusarium.
Bizkaiko ekialdean nabarmenagoak dira eragindako kalteak eta mendebalderantz hedatzen ari dira bizkortasunez. Gainera, arraseko mozketek eragiten duten lurzoruaren galerak, etorkizuneko landaketen hazkuntza moteltzea, ahultasuna eta errentagarritasuna txikiagotzea dakartza.
Egoera dramatiko honen aurrean, Kolore Guztietako Basoak plataforma eskertuta dago radiata pinuaren errentagarritasunak emandako zerbitzu ekonomikoengatik. Hala ere, premiazkoa da baserritar eta jabedun pribatu ugariren kezkei erantzutea eta Bizkaiko basogintzari irtenbide berritzaile bat aurkitzea. Ezinbestekoa da eukaliptoaren monolaborantza ez lehenestea; izan ere, dagoeneko jakinak dira Galizia eta Portugalen sortutako arazoak: suteak izateko arrisku handiagoa, bizitza galtzea, landa-eremuak bertan behera uztea, euriteek eragindako higadura, eukaliptoen gaixotasun berriak, aniztasun genetiko txikia, uraren baliabideak agortzea, jabeen mendekotasun ekonomiko handia paper-pasta erosten duten enpresekiko…
Nahitaezkoa da gizarte osoak, baita Bizkaiko Foru Aldundiak, udalek, baserritarrek, baso jabedunek, unibertsitateek, sektoreko enpresek, sindikatuek, tokian tokiko elkarteek eta ekologistek naturatik hurbileko basogintzaren aldeko apustu irmoa egitea.
Neurriko inbertsioa eskatzen duen basogintza horrek 100 urte baino gehiagoko historia du Europan, eta bertoko basoaren errentagarritasun ekonomiko jasangarrian oinarrituta dago: kalitate handiko zura, onddoak, fruituak, arraseko mozketara jo gabe, higadura saihestuz eta basoaren dinamika aprobetxatuz.
Naturatik hurbileko basogintza oso ondo garatu da duela mende erdi baino gehiagoz Suitza, Alemania, Frantzia eta Eslovenian. Baita Bizkaiak baino errekurtso ekonomiko gutxiago dituen Burgoseko iparraldean ere. Premiazkoa eta beharrezkoa da onenetatik ikastea eta porrot egin duten Galizia, Portugal edo Txileko ereduak baztertzea.
Behar-berrezkoa da baso-laguntzak birmoldatzea eta inbertsio berriak egitea basogintza mota horretan hasi nahi duten jabedun pribatuei laguntzeko. Gainera, Administrazioak kudeatutako jabedun txikiz osatutako kooperatibak izan daitezke Bizkaiko radiata pinuaren kolapsoari aurre egiteko irtenbidea. Kolore Guztietako Basoak plataforman denbora luzea daramagu Bizkaiko baso eta basogintza indartu nahian.
Ziur gaude denon artean aldatu egingo dugula Bizkaiko baso eta basogitzaren norabidea, ingurumenarekiko errespetu handiagoz jardungo den eta diruz errentagarriagoa den eredu baterantz.
Kolore guztietako basoak, bertoko basoen alde!!
Gaiaz gehiago jakiteko: