Nafarroako Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Ingurumen kontseilaria den Isabel Elizaldek elkarretaratzean parte hartu du, gertakari hori «larria eta jasan ezina» dela adieraziz.
Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Ingurumen kontseilariak, Isabel Elizaldek, eta Ingurmen zuzendariak, Eva Garciak, joan den asteburuan Bertizen basozain bati eginiko erasoa salatzea helburu zuen, elkarretaratzean parte hartu zuten ilbeltzaren 11n Iruñean. Nafarroako Basozainen Elkarteak, UGT, ELA, LAB, AFAPNA eta CCOO sindikatuekin batera iragarritako elkarretaratzea Iruñeako departamentuan egin zen, ‘Basozainei erasorik ez’ lelopean.
Kontseilariak gertakari hori «larria eta jasan ezina» dela aldarrikatu zuen, «gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu bai egoera hori pairatu zuen basozainari bai eta basozain talde guztiari ere. Langile horiek eginiko lana ezin da zalantzan jarri, ingurumen zaintza eta babeserako behar-beharrezkoa da».
Gertakaria urtarrilaren 6an gertatu zen, goizeko 10ak aldera. Elizondoko foruzainek isileko ehiztaria, basozainari eraso eta mehatxu egin izana leporatuta, atxilotu zuten. Horrekin batera, azpimarragarria da, elurte garaian eta natur parkeetan ehizan ibiltzea guztiz debekatuta dagoela. Orain, kasua epailearen esku gelditu da.
Departamentuak kasuotako protokoloa martxan jartzeaz gainera, laneko arriskuen prebentzioari dei egin dio eta basozainari laguntza psikologiko eta juridikoa eman dio. Elizalderen hitzak ekarriz, «Departamentuak basozain taldearen lan baldintzak hobetzeko lanean jarraituko du. Hori bera islatzen dute azken bi urteetako aurrekontuek».
Artikulu hau Ttipi-ttapak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.