argia.eus
INPRIMATU
‘Bertatik Bertara’ kanpaina abiatu du UEMAk, turismo garaian euskara areagotu asmoz zerbitzu sektorean
  • Udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu du mankomunitateak eta bisitariek zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradun eta langileen konpromisoa eskatu du. Kanpaina ekainaren 8tik irailaren erdialdera arte egingo da.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 10

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) hasiera eman dio Bertatik Bertara kanpainari, ekainaren 8tik irailaren erdialdera arte egingo duena zerbitzu sektorean “euskara areagotzeko” asmoz. UEMAren esanetan, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen du euskarak eta hori ikusarazi behar da. Horretarako, bisitarien zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradun eta langileen kolaborazioa eskatu du. Ekimenean udalek eta garapen agentziek parte hartuko dute eta UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi diete kanpainaren berri.

UEMAk urteak daramatza turista gehien jasotzen dituzten herrietan euskara mantentzeko eta sustatzeko ekintzak egiten, euskara alboratzeko joerak eragozteko asmoz. Aurtengoa bosgarren urtea izango da eta baliabide ugari prestatu dituzte bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradun eta langileentzat. Aurten, lehen aldiz, turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten ostatuetan eta antzekoetan diptikoak eskuragai ipiniko dituzte euskaraz, ingelesez, katalanez, galizieraz, gazteleraz eta frantsesez.

UEMAk aurtengo kanpainan zabaldutako diptikoak. Argazkia: UEMA

300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte 111 herrietako ostalaritza establezimenduetan. Mahai-gainekoaren osagarri, UEMAk aurtengo kanpainan egin duen spot-a ipini dute QR bitartez. Bideoan euskal lurraldea “beste modu batean ezagutzeko aukera” aipatu dute, euskararen erabilera eta garrantzia sustatuta, Euskal Herriko toki ezagun eta paisaiekin batera.

 

Euskararen erabilerarako proposamenak

UEMAk zerbitzuetako arduradun eta langileei bisitariekin elkarrizketak izateko zenbait ideia proposatu dizkie, hala nola, lehen hitza, agurrak eta eskerrak euskaraz egitea. Horrela, bezeroen jakin-mina piztea eta horiek euskal nortasunaz jabetzea bilatzen du mankomunitateak. Mahai-gainekoetan euskaraz erraz erabil daitezkeen hainbat hitz ipini dituzte eta ingelesez, katalanez, galizieraz, gazteleraz eta frantsesez hitz horien itzulpena. Banatutako euskarrietan euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira bideratzen dituzten QR kodeak erraztu dituzte, gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz, eta Spotifyko QR bat ipini dute, Zure Bidaiaren Soinu Banda izenekoa.