Igandeko Sortzen Ikasbatuazek euskal eskola publiko berriaren alde antolatutako jaia bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, astebururako Iruñean iragarrita dagoen eguraldi euritsua dela eta. Festa hemezortzi urtez ospatu da, eta azken urtetan dimentsio handia hartu du.
Lehengo urteko festan euriteak diru galera ekarri zion elkarte antolatzaileari, eta zabaldu duten oharrean azaldu dutenez “kinka larrian” geratu ziren. Aurten Iruñeko Takoneran karparik ez jartzea erabaki zuten, eguraldiak baldintzatzeko arriskuarekin. Sortzenek adierazi duenaren arabera, elkarteak ez du Takonera egun euritsu baterako egokitzeko baliabiderik. Izan ere, euriak egunari berari eragiteaz gain, prestaketarako beharrezkoa den muntaia elektriko osoa ezinezko egiten du.
Larunbaterako antolatu dituzten ekintzak ez dituzte bertan behera utzi, eremu itxietarako pentsatu baitziren.
Hala ere, gaueko Txantxu Rock musika jaialdia ez da ospatuko. Azaldu dutenez, hainbat traba izan dituzte kontzertuak aurrera eraman ahal izateko. Iruñeko Udalaren araudi berriak ezarritako baldintzen arabera, ebakuazio plana arkitekto baten laguntzaz diseinatu behar zuten, eta horrek duen gastua dela eta, antolatzaileen “nahiaren kontra” bertan behera utzi dute.
Euskalerria Irratian
Sortzen Ikasbatuaz-en jaiari buruzko irratsaio berezia egiten ari dira Euskalerria Irratian. Goizeko 11:00etan amaituko da. Streaming bidez jarrai dezakezue.