argia.eus
INPRIMATU
Bertan behera utzi dute oraingoz greba taxi gidariek
  • Bartzelonako eta Madrilgo taxi gidariek asteazken gauean utzi dute bertan behera greba Espainiako Gobernuak lizentzien eskumena erkidego eta udalen esku utzi eta gero. Hego Euskal Herriko taxi gidariek jarrera bera hartu dute, baina “su-etena” dela adierazi dute.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 02a
Madrilgo Castellana pasealekua taxiek blokeatuta (Argazki:Reuters/Paul Hanna)

Bartzelonan hasi zen greba aurreko asteazkenean Kataluniako Auzitegi Gorenari presioa egiteko, lizentzien mugatzearen legea eteten zuen ala ez erabaki behar baitzuen ostegunean. Legea eten egin zuten esanez Bartzelonako metropoli-eremuak ezin zuela horrelako erabakirik hartu, Espainiako Gobernuak zuela eskumena hori egiteko. Gobernua eskumen aldaketa egitera konprometitu da.

Epaia jakitean Bartzelonako taxi gidariek greba mugagabeari ekin zioten. Horrela Estatuko beste hirietako taxi gidariak gehitu zitzaizkien Espainiako Sustapen Ministerioari presioa egiteko: Madril, Sevilla, Bilbo edo Malagako gidariak besteak beste.

Hirietako kale nagusien blokeoa izan da ekintzarik nabarmenena, eguneroko trafikoa oztopatuz. Taxilari batzuek Uber eta Cabify konpainien gidariei egindako erasoak ere nabarmendu dira.