argia.eus
INPRIMATU
Bertan behera utzi dute Iruña-Veleia auzia argitzearen aldeko gose greba
  • 99 egun eta gero, Arabako Aldundiko arduradunekin egindako bileraren ostean, gose greba amaitzea erabaki du Joxe Mari Lejardi Gabixolak. Izan ere, Aldundiak Iruña-Veleiako aztarnategiarentzako plana diseinatzeko prozesua abiatuko du.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko urriaren 30
'Gabixola'-k gose greba eten duela iragarri du ostegun honetako agerraldian. Argazkia: @GoseGreba

Iruña-Veleia Argitzearen aldeko Gose Grebalariak taldeak ostegun honetan jakinarazi du Joxe Mari Lejardi Gabixolak hartutako erabakia: "Kultura Diputatu Ana Del Valek, Inma Sanchez Kultura Zuzendariarekin batera, pasa den 21ean emandako elkarrizketan Iruña-Veleiaren garapen integralaren oinarriak ipintzean, grebari amaiera ematea ahalbidetu du".

Gabixolak eta beste lau kidek iragan uztailaren 23an abiatutako gose greba eta horren inguruan egindako "interpelazio-kanpaina indartsua" azpimarratu dituzte; izan ere, uztailetik artikulu eta elkarrizketa ugari argitaratu dituzte prentsan, informazio orriak banatu dituzte eta hainbat auto-karabana egin dituzte, besteak beste. Gose greba sustatu duen taldearen aburuz, horrek "bultzada erabakigarria eman du Iruña-Veleiako Egia argitu dadin".

Ostegun honetan Aiztogile kalean egin duten agerraldian ziurtatu dute elkarrizketatu dituzten talde parlamentario guztiek beren adostasuna erakutsi dutela, "zientzia izan dadin Iruña-Veleiako auzia ebatziko duena, nahiz eta inork ez duen lehenengo urratsa eman nahi izan". Voxekin izan ezik, talde parlamentario guztiekin bildu dira azken asteetan.

Plan berri bat

Azaldu dutenez, gose greba bertan behera uzteko arrazoi nagusia Ana del Val Kultura Diputatuarekin eta Inma Sanchez Kultura Zuzendariarekin izandako bilera da. Urriaren 21ean bildu ziren, eta, bertan, Diputatuak "Iruña-Veleiaren garapen integralaren oinarriak" jarri zituela deritzote; horrek ahalbidetu du gose greba amaitzea.

"Orain arte egin dena erabat desegokia izan da, eta ez digu utzi bertan dugun egundoko aberastasun handia ikusten", adierazi dute. Eta orain zer? Iruña-Veleia Argitzearen aldeko Gose Grebalariek azaldu dituzte Aldundiaren asmoak: "Plangintza berri bat egin, ideia berriekin eta askoz ere arrazoituagoa: EHUri kontratua kendu, 12 urteotako balantzea egin, indusketak zuzentzeko arkeologo independente bat kontratatu, aztertu ez diren grafitoak gorde eta horiek zein gatazkagai izan diren piezak aztertzea".

Izan ere, orain arte aztarnategiko lanak gidatu dituen 2010/2020 plana aurten amaituko da. Aldundiak BERRIA egunkariari baieztatu dionez, orduan hasiko dira hurrengo plana diseinatzeko urratsak. Une honetan ez dago planaren nondik norakoei buruzko zehaztasun gehiago, baina helburua "Iruña-Veleiako aztarnategiaren ondare balio ikaragarria" sustatzea izango dela azaldu du Aldundiak.

"Eta faltsuak badira?"

Agerraldian gogora ekarri dute bilerako pasarte bat. Azaldu dutenez, Ana Del Valek honako galdera egin zien: "Eta faltsuak badira?". Bere solaskideen erantzuna: "Guk beti onartuko dugu zientziak esaten duena"

Egoera berrian "konfiantza" dutela adierazi dute; hala ere, Kultura Diputatuak iragarritako prozesuari "erne" egongo direla ohartarazi dute: "Borroka adoretsuari esker, osasuna eta bizitza arriskuan jarriz, Iruña-Veleia desagertzea nahi dutenak garaituak izan dira. Iruña-Veleia inoiz baino biziago dago".

Datazioen eske

Luzea eta konplexua izan da Iruña-Veleiako auzia. Duela 12 urte, 2008an, Lorena Lopez de Lacallek Eliseo Gil buru zuen Lurmen enpresaren kontratua eten eta ustezko faltsutze eta iruzur fiskalaren delituak salatu zituen. 

Lurmen kanporatu ondoren, Aldundiak Gasteizko EHUko Letren Fakultatea grafitoen faltsutasunaren tesiaren aldekoa kontratatu zuen, Iruña-Veleiako indusketekin jarraitzeko. Gose greba sustatu duen taldeak kritika gogorrak zuzendu dizkio EHUri: "12 urtetan aztarnategian egin duten gauza nabarmen bakarra, 15 egunetan hondeamakina batekin 1,5 metroko sakonean ilegalki egindako txikizioa da, Julio Nuñez irakaslearen agindupean".

Azkenik, 2020an, Arabako Audientziak bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Eliseo Gili, dokumentuak faltsutzeagatik. Iruña-Veleia Argitzearen ldeko Taldeak salatu du epaiketa garatu zela "polemikagai ziren piezei ohiko laborategietan egin ohi diren dataziorik egin gabe".