argia.eus
INPRIMATU
Bertan behera utzi dute GIBaren aurkako txerto esperimentalik aurreratuena
  • Janssen farmazia multinazioanalak txertoaren ikerketa bertan behera uzteko erabakia hartu du, batzorde batek ondorioztatu ostean txertoak ez dituela giza immunoeskasiaren birusari aurre egiteko baldintzak betetzen.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 19a
Atzera bota dute GIBaren aurkako txerto esperimentalik aurreratuena. Argazkia:Republic World

Janssen farmazia enpresak bertan behera utzi du GIB giza immunoeskasiaren birusaren aurkako txertoaren ikerketa aurreratuena, proba klinikoen azken fasean zeudela. Nazioarteko osasunaren institutuak eman du horren berri asteazkenean, eta azaldu du txertoa "segurua bai, baina eraginkorra ez zelako" baztertu dutela.

Mosaiko izendatu zuten 2019an abiatutako ikerketa, hain justu organismoan immunogeno "mosaiko" bat txertatzea zelako asmoa, GIBaren hainbat aldaerari aurre egin ahal izateko. Europan, Ipar Amerikan eta Hego Amerikan egin dituzte probak, 3.900 boluntarioaren laguntzaz.

Janssenek bertan behera uzteko erabakia hartu du batzorde independente batek ikuskatu eta ondorioztatu ostean txertoak ez ziela GIBari aurre egiteko beharrezko baldintzak.

Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, minuturo hiru pertsona gehiago kutsatzen dira. Gaur egun 38 milioi pertsona baino gehiagok dute GIB, eta horietatik hamar milioi inguruk ez dute tratamendurik lortzeko aukerarik.

Albisteak desatsegina eragin duen arren, hainbat adituk abian diren ikerketetan konfiantza jarri dute, nazioarteko hedabide ugarik jaso dutenez. GIBaren prebentzioan lan egiten duen AVAC erakundeak gogora ekarri du ikerketarako, garapenerako eta banaketarako baliabideak bideratzen jarraitu behar dela: "Ikerketa atzera bota arren, lehen baino gertuago gaude eta lanean jarraitu behar da":