Hilaren 10ean Berangoko Ibai Aginaga preso politikoak Basauriko espetxean abiatutako gose eta egarri greba bertan behera utzi du ostegunean , errepresioaren aurkako eta aministiaren aldeko Tinko taldeak jakinarazi duenez.
Aginagak protesta abiatu zuen aurrez aurreko bisita baten ostean hilaren 10ean konfinatu zutelako eta protestaren bitartez konfinamenduaren baldintza gogorrak salatu nahi izan ditu.
Espetxe zuzendaritzak presoa konfinamendutik ateratzea erabaki du, PCR bat egin eta negatiboa eman ostean. Hori dela eta, protesta bertan behera uztea erabaki du. Tinkok gaineratu duenez, berarekin batera konfinatutako beste bi presok konfinamenduan jarraitzen dute. Kartzelako Zerbitzu Buruak Aginagari adierazi dio lasai egoteko, “gauzak hoberantz aldatzen ari direla”.
Preso politikoak eskerrak adierazi nahi die egunotan haren protestaren berri ematen aritu diren herritarrei.