argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzako hiru teknikariren deklarazioak bertan behera, epaitegietako lanuzteengatik
  • Ostegunean ziren deklaratzekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikariak, baina justizia auzitegietako lanuzteen ondorioz ezin izan dute egin. Verter Recycling enpresari Ingurumen Baimen Bateratua nolatan eman zioten azaldu beharko dute.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 20a
Zaldibar Argitu plataformak elkarretaratzea egin du Durangoko epaitegiaren aurrean. (Argazkia: Berria)

Ostegun goizean Durangon deklaratzekoak ziren Zaldibarko zabortegiko luiziarekin lotutako Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikari. Justizia auzitegietako lanuzteen ondorioz, ordea, bertan behera geratu dira deklarazioak.

Zuhurtziagabekeriaz prebarikatzea egozten diete. 2011ko martxoan Verter Recycling enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua emateko prozesuan parte hartu zuten, eta baimen horri esker hasi ziren zabortegia ustiatzen. Enpresa horretako hiru arduraduni zuhurtziagabekeriazko hilketa eta langileen segurtasunaren aurkako delituak egotzi zizkieten. Fiskaltzarekin sei hilabeteko kartzela zigorra adostuta, espetxea saihestu zuten arduradunek.

Zaldibar Argitu plataformak deituta elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean "langileak, osasuna, erantzukizunak" lelopean. Gaizka Zabarte plataformako bozeramaleak azaldu du Zaldibarko auzian lehen aldia dela Eusko Jaurlaritzako norbait epaitegietara joaten dena, hiru urte eta bi hilabeteren ostean. Gaineratu du hiru teknikori horien agerraldia "lehen pausua" bada ere, "ez dela nahikoa", eta adierazi du deklaratzera deitutako enpresari edo kargu publiko guztien kasuetan egingo dituztela elkarretaratzeak, ardurak "askoz ere sakonagoak" direla argi dutelako.