Aitzindariak izan ziren Oiartzungo Urmendi Haur Eskolan jangelako menuetan eredu osasuntsuago eta jasangarriago baten alde egiterakoan. 2011-2012 ikasturtean egin zuten lehen eraldaketa potoloa jantokian: “Urte hartan, Ekolapikorekin batera hasi ginen elikagai ekologikoak txertatzen eta gaiarekiko formazio saioak jasotzen”, azaldu du Iraia Etxebeste Madariaga haur eskolako zuzendariak. Hastapenetik gaur arteko bidean, ordea, pauso garrantzitsu gehiago eman dituzte elikaduraren alorrean, eta orain, beste jauzi bat ematear daude Udalarekin elkarlanean: ekologikoaz harago, hurbileko ekoizleen produktuekin osatuko dute menua.
Menuan egin zuten lehenbiziko aldaketa barazki, zereal, lekari eta fruta ekologikoa sartzea izan bazen, haren ondotik, 2018-2019 ikasturtean, bigarren buelta eman zioten eta haragi kontsumoa murriztu zuten. “Animalietatik eratorritako proteina kantitateak gutxitu eta proteina begetalak gehitu genituen orduan”, gogoratu du Etxebestek. Bi pauso horien aurretik, gainera, formazio saioak egin zituzten irakasle eta gurasoekin, eskolako jangelan ez ezik, elikaduraren inguruko hausnarketa horiek eskolatik etxeetara eta herrira ere zabaltzeko asmoz.
“Aurten ematen ari garen pausoan, menuen osagaietatik harago joan eta hornitzaileei begira jarri gara”, dio zuzendariak. Oiartzungo Udalarekin eta Labore Oarsorekin batera ari dira ekimena aurrera eramaten, eta herri mailan elikadura burujabetzaren alde eta lehen sektorea bultzatzeko asmoz abiatu dituzten lanketa zabalaren parte da haur eskolakoa ere. “Udala eta Labore Oarso bildu ginen eta ikusi genuen herrian badaudela jantokiak, eskoletakoak eta zaharren egoitzakoak, eta interesgarria zela horietan bertako produktuekin lanean hastea”, adierazi du Eneritz Arbelaitz Sarasti zinegotziak. Gune bakoitzaren egoera desberdina izanik, baina, bakoitzaren trantsizioa puntu banatik abiatuko da, eta horretan, Urmendi ari da akuilu lanetan.
Trantsiziorako bidean, azken hilabeteotan azterketa teknikoa egin du udalak: jangelan darabiltzaten elikagaiak zerrendatu, bakoitzetik zenbateko kontsumoa dagoen kalkulatu, prezioak begiratu, orain arteko hornitzaileak hurbileko ekoizle eta baserritarrekin ordezkatu… “Elikagai batzuk lehen baino garestixeago aterako dira, baina beste batzuk merkeago”, dio Etxebestek. Kalkuluak aterata, menuaren prezioa 14 zentimo besterik ez da igoko. “Huskeria bat, hor atzean dagoen guztia kontuan hartuta”. Izan ere, proiektuan parte hartuko duten ekoizleek bezero finkoa izanen dute urte guztirako, eta haien ekoizpena eta lurrak ongi planifikatzeko aukera izanen dute modu horretan.
“Oiartzunen elikadura burujabetzaren bidean ematen ari garen pauso bat gehiago da hau, jarraipen bat, nolabait. Gure herriak eta inguruak bertako elikagaiekin bizitzeko aukera ematen digu, bertako ekonomia sustatzeko… horren aldeko apustua da hau”, gehitu du zinegotziak. Elika kooperatibaren sorrera edota Lurbizi egitasmoa dira lanketaren beste hanka batzuk. Beste baterako utziko dugu horietan sakontzea…