argia.eus
INPRIMATU
Saltoki handiek bertako produktuei gehiegizko prezioak jartzen dizkietela salatu dute nekazariek
  • EAEko nekazarien ENBA sindikatuak txosten batean jaso ditu euren produktuak zer preziotan merkaturatzen dituzten saltokiek, eta ondorioztatu "askoz" garestiagoak saltzen dituztela erosten dutenarekin alderatuta. Adibidez, saltokiek behi esnea %45-55 garestitzen dute eta oilaskoa %70-80, besteak beste. Kontsumitzaileentzat "amu gisa" erabiltzea arbuiatu dute, ondoren marka zurira bideratuz, hau merkeago jarriz. Saltokiei eta Eusko Jaurlaritzari neurriak eskatu dizkiete.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 20a
Bertako produktuen salmenta %10-12 jaitsi da azken urtean, ENBAren ustez familien "eros-ahalmenen" gainetik saltzen dituztelako. / Argazkia: Mondraberri

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien ENBA sindikatuak salatu du saltokiek bertako produktuak "asko eta artifizialki" garestitzen dituztela, haien salmentak murriztuz. Astelehenean Donostian aurkeztu dute euren produktuen azken prezioen ikerketaren txostena, eta gehienek %50eko garestitzea baino gehiago erakusten dute. Gaitzetsi dute bertako elikagaiak kontsumitzaileak erakartzeko erabiltzea, baina gero marka zurikoak erostera bideratzea, prezio baxuen bidez.

Bertako produktuen prezioei ondorengo marjinak aplikatzen dizkiete saltokiek: behi okelan %33, behi esnean %45-55, supermerkatuko tomatean %45, denda tradizionaleko tomatean %75-85, gaztan %45-55, jogurtetan %55, sagardoan %68, eztian %70, oilaskoan %70-80, Gernikako piperrean  %73, sagarrean %87 eta uraza %118.

ENBAko Xabier Iraolak eta Iñaki Goenagak –sindikatuko koordinatzailea eta Gipuzkoako presidentea, hurrenez hurren– azaldu dute marjina horiek gehituta nekazarien produktuen prezioak “familien eros-ahalmenaren gainetik” gelditzen direla; azken urtean bertako elikagaien salmenta %10-12 jaitsi da, eta batzuetan nekazariek ez dituzte kostuak estaltzen ere.

Jakitera eman dute “ezkutuan” komisio mota batzuk ezartzen dizkietela, eta ezabatzeko exijitu diete saltoki eta banatzaileei, “modu bidegabean” eskatzen dizkietelako.

Nekazariek exijitu dute “gehiegizko” marjinak apaltzeko eta bertako produktuen salmenta sustatzeko, “ez daitezen soilik publizitaterako amua izan”.

Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio sindikatua: “Elikaduraren Kateko Behatokiak martxa azkartu dezala; argitaratu ditzala ekoizpen kostuen txostenak eta kontrolatu banaketa eta salmenta enpresak”. Jaurlaritzak martxoan jarri zuen abian Behatokia, ekoizpen kostuak kalkulatzeko eta elikagai katearen oreka eta lehia bermatzeko helburuz.

Astelehenean Donostian aurkeztu du ENBAk bertako produktuen garestitzeen txostena. /Argazkia: ENBA