argia.eus
INPRIMATU
Sareko
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea
  • EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko eta gaia agendan sartzeko premia”, azaldu du Judit Garcia Llorens Olaberriko Etxeberrigoikoa baserriko kide eta kontseiluko lehendakariak. Irailaren 23an, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna aprobetxatuta, erreminta berria aurkeztu zuten kontseilutik: Sareko bilatzailea.

Garazi Zabaleta 2024ko urriaren 07a

Garciak nabarmandu duenez, herritarren partetik interesa egon arren, askotan informazioa falta da, eta hutsune hori betetzeko asmoz abiatu dute Sareko bilatzailea. “Hiru lurraldeetan ditugun produktu eta ekoizpen ekologiko anitzak azaltzen zaizkigu bilatzailean, gure inguruan zer dugun modu errazean ikusteko”, dio. Mapa interaktiboaren bidez eta hainbat filtro dituen bilatzailearen bidez, herritarrek hurbilean dituzten proiektuak ezagutzeko aukera dute Sarekon. “Ekoizle eta eraldatzaileak gara bilatzailea elikatzen dugunak, guk diogu non eskuratu daitezkeen gure produktuak”, gehitu du lehendakariak.

Bilatzailearen lehen bertsioa da irailaren bukaeran aurkeztu dutena, baina, kontseilutik nabarmendu dute tresna dinamikoa izatea nahi dutela, alegia, ekoizle eta eraldatzaile gehiago egitasmora batzea eta bilatzailea berritzen eta zabaltzen joatea dela asmoa. “Momentuz, informazioa emateko eta kudeaketarako tresna da Sareko, baina ekoizle gutxi batzuek eskaerak jasotzeko ere erabiltzen dute eta etorkizunerako ideia da alor hori lantzea”, azaldu du. Asteroko azokak, kontsumo taldeak nahiz kooperatibak, herri eta auzoetako dendak… produktu ekologikoak eskuratu daitezkeen gune guztiak jaso dituzte: dagoeneko 200 puntutik gora biltzen ditu EAEko geografia osoan sakabanatuta.

Eredu ekologikoaren aurrerapausoak eta erronkak

Lehen sektorea oro har gainbeheran eta krisian dagoen garaiotan, eredu ekologikoaren aldeko apustua zabaldu beharra dela azpimarratu du Garciak. “Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa da eredu, batetik, naturaren zikloekin batera aritzen delako elikagaiak sortzen, baina baita ekoizleen autonomia handitzen duelako ere”. ENEEKen 740 operatzaile daude gaur egun, eta denetik ekoizten dela azpimarratu du: ardoa, sagardoa, oilaskoak, txekor haragia, arrautzak, barazkiak, esnekiak, gazta, ogia… "Edozein pertsonak egunerokoan behar dituen elikagaiak ditugu”.

Azken urteotan ekoizpen kopurua hazten joan da baina lehendakariak azpimarratu du Europatik ezarri diren helburuetatik urrun daudela oraindik: “2030erako ekoizpenaren %25 ekologikoa izateko erronka jarri da, eta hemen, gaur egun, %5 inguruan gaude. Ekologikoa etorkizuneko eredu normalizatua izatea nahi badugu, pauso handiagoak eman beharko ditugu”.