argia.eus
INPRIMATU
Berta Cáceres ekintzaile ekologistaren hilketarekin zerikusia dutelakoan lau atxilotu
  • Hondurasko poliziak lau pertsona atxilotu ditu mugimendu ekologistako lider Berta Cáceres hiltzearekin lotura dutelakoan, Hondurasko La Prensak jakinarazi duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko maiatzaren 02a
Berta Cáceresen omenez egindako ekitaldietako bat.

Bi Hondurasko militarrak direla zabaldu dute, eta beste biak Cáceresek borrokatu zuen DESA enpresa hidroelektrikoko ingeniari bat eta segurtasun burua direla jakinarazi du The Independentek.

Cáceres martxoan hil zuten tiroz La Esperanzako bere etxean. Bere heriotzak nazioartean haserrea eta Hondurasen mobilizazio handiak eragin zituen.

AEBetako enbaxadak atxiloketak txalotu ditu. Hala ere, Cáceresen familia eta lagunek ikerketa gaitzetsi dute. Ikerketa independente bat eskatzen diote estatuari, eta ekintzaileak borrokatzen zuen DESA enpresa ikerketaren hasiera 11 egun atzeratu izana salatu zuten.

Hasiera batean, Hondurasko autoritateek adierazi zuten heriotzaren susmagarri zirela Cáceres kide zen COPINH mugimenduko kideak.

"Justizia eskatuz borrokatu eta nazioarteko presiorik izango ez bagenu, nire amaren heriotza honezkero ahaztua zen", adierazi dio The Guardiani Laura Cáceres 23 urteko alabak. "Atxiloketen berriarekin esnatu gara, baina horrek ez du gure aldarria aldatzen, nazioarteko ikerketa bat behar dugu".