argia.eus
INPRIMATU
Berta Caceresen hilketa kasuaren epaiketa bertan behera
  • COPINHek (Honduraseko Erakunde Herritar eta Indigenen Hiri-Kontseilua) eta Caceresen familiak Honduraseko Fiskaltzari errekurtsoa jarri dio Justizia Gorte Goreneko Epai Auzitegiaren kontra, epaimahaia aldatzea exijituz. Hala bada, errekurtsoa ebatzi artean epaiketa ez da martxan jarriko.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 18a
Berta Caceres oroitzeko manifestazioa (Argazkia: Daniel Cima)

Otros Mundos elkarteak jakinarazi duenez, astelehenean, 2016ko martxoaren 3an gertaturiko Berta Caceresen hilketaren epaiketak hasi behar zuen egun berean, bertan behera geratu da prozesua. Auzitegiak epaiketa aurreko prozesu osoan egindako irregulartasunak eta hilketaren autore intelektualak (hilketa prestatu eta berau burutzeko sikarioak kontratatu zituzten norbanakoak) epaitzeko borondate falta tarteko, COPINHek epaimahaia aldatzea exijitu du, prozesua geldiaraziz. Hasierako epaimahaia “prozesuan justizia bilatzeko baldintzak bermatzen dituen epaimahai batengatik aldatzea eskatzen dugu”, adierazi du antolakundeak. COPINHen arabera, Berta Caceresen kasuan justizia egiteko prozesuak aukerak ematen ditu “Honduraseko komunitatearen eta zuzenbide-estatuaren kontra diharduten estrukturei aurre egin eta hauek desmuntatzeko”.

Hasiera batean aurreikusitakoaren arabera, epaiketa prozesuak urriaren 19a arte irautea espero zen. Baina azken orduko jazoerak tarteko, prozesuak ezingo du aurrera egin Fiskaltzak errekurtsoa ebatzi arte. Otros Mundosek adierazitakoaren arabera, epe tarte laburra dago errekurtsoa bideratzeko, azaroaren 5ean amaitzen baita zortzi auzipetuetatik lauren prebentziozko atxiloketa.

“DESA Errudun”

Epaiketa prozesuarekin batera “DESA Errudun” kanpaina abiatu du COPINHek, Caceresen hilketan DESA (Desarrollos Energéticos S.A.) enpresak daukan erantzukizuna bistaratzea xede. Caceresen borrokan jo puntuan zegoen “Agua Zarca” proiektu hidroelektrikoaren jabea da DESA enpresa. Proiektuak eraiki asmo zuen presa hidroelektrikoaren eraikuntzaren aurrean, lenca herria eta Gualcarque erreka gogor defendatu zituen Caceresek, eta horregatik erahil zuten. DESA enpresa Caceresen heriotzaren atzean dagoela ondorioztatzeko hainbat ebidentzia daude.

COPINHek azpimarratu duenez, Caceresen kausa antzerako proiektuen aurrean beraien lurraldea defendatzeagatik urtero erahiltzen dituzten 200 pertsonatik gorak borrokatutako kausa berbera da, baita herrien eskubide kolektiboak eta maila internazionalean emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzten erakundeena ere. Adierazi dutenaren arabera, gobernuen eta indar amatuen konplizitatearekin hainbat enpresek beraien “garapenaren” ikuspegia inposatzeko daukaten inpunitatea ageriko egiten du Caceresen hilketak. Kanpainak guzti hori bistaratzea du xede.