argia.eus
INPRIMATU
Berta Cáceresek borrokatu zuen urtegia gelditu dute
  • Hondurasen 2016ko martxoan hil zuten Berta Caceres ekintzaile ekologista Agua Zarcako urtegiaren kontrako borrokan aritzeagatik. Orain, makroproiektua gelditzea erabaki dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 13a

                                                                                                                                                                                                                                                  Garapenerako Holandako Bankuak eta Kooperazio Industrialerako FuntsaFinlandiarrak behin betiko kendu diote babesa Agua Zarca proiektu hidroelektrikoari. Urtegia eraikitzera zihoan Garapen Energetikorako Sozietate Anonimoa enpresak azken urteetako tentsioa baretzea espero du. Komunitate indigenekin hitz egiteko asmoa duela jakinarazi du, etorkizuneko garapenaz hitz egiteko.

Komunitate Indigenak gogor borrokatu dira, beren lurrak, ekosistema, ekonomia eta bizi eredua arriskuan jartzen zuen urtegiaren kontra. Errepresioa eta gerra zikina ere jasan dituzte: Global Witness-ek egindako txosten baten arabera 2015ean 185 ekintzaile ekologista hil zituzten. Ostiralean, Lesbia Yaneth Berta Cáceresen kidea hil zuten.

Berta Cáceres, mundu mailan ezaguna zen ekintzailea, 2016ko martxoaren hiruan hil zuten tiroz. Cáceres Hondurasko Erakunde Herritar eta Indigenen Batzorde Zibikoa elkartearen sortzailea zen, herri indigenen borrokan erreferentea den eragilea. 2015ean nazioarteko Goldman saria eman zioten –Ekologismoaren Nobel sari bezala ezagutzen dena– hain zuzen lortu zuenean Agua Zarca proiektutik alde egitea Sinohydro enpresa txinatarrak, mundu mailan sektoreko handiena dena.