argia.eus
INPRIMATU
Berta Cáceres erail zutela bost urte bete direnean, epaiketa garden eske
  • 2016ko martxoaren 2an Berta Cáceres ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzailea erail zuten, goizaldean bere etxera sartu eta tiro eginda. Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren aurka ari zen borrokan: jatorrizko herrien lekualdatzea eta uraren pribatizazioa zekartzala salatzen zuen. Hainbat aldiz izan zen mehatxatua eta bera baino lehen borroka bereko beste lau aktibista erail zituzten. 2019an zazpi pertsona kondenatu zituzten Cáceresen hilketagatik baina pertsona bakarrari egozten zaio "autore intelektual" izatea, nahiz eta nazioarteko adituek egindako txostenak presa egiten ari zen DESA konpainiako goi kargu gehiago ere seinalatzen dituen.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 02a

Agua Zarca proiektuaren arduradun zen enpresa da Desarrollos Energéticos Sociedad Anónima (DESA) eta bertako kudeatzailea zen David Castillo Mejíari egotzi dio orain arte Hondurasko justiziak Berta Cáceresen erailketaren "autore intelektual" izatea. Baina Adituen Nazioarteko Talde Aholkulariak egindako txostenak konpainia horretako beste goi kargu batzuk ere seinalatzen ditu. Cáceresen hilketagatik kondenatutako pertsonen artean, horietako bi DESA konpainiari lotutakoak dira eta beste lau ejerzitoari.

Honduras: ingurumenaren defendatzeko herrialde arriskutsuena

Ekintzaile ekologista erail zuten bosgarren urteurrenean, hainbat talde ekologistak gutuna igorri dute Espainiako Atzerri ministroari, kasu honetan justizia egin dadin eta Mejíaren epaiketa gardena izan dadin Hondurasi eskatuz. Gutuna sinatu dute, besteak beste, Mundubat, Ekologistak Martxan, CEAR Euskadi, Greenpeace...

Gutunean azpimarratzen dute Honduras dela lurraren eta ingurumenaren defendatzaileentzat munduko lurralderik arriskutsuena: Global Witness erakundearen azken txostenaren arabera, Hondurasek ditu eraildako defendatzaile gehien, biztanleko. Gutunean talde ekologistek seinalatu dutenez, "Berta Cáceresen erailketaren arduradun diren pertsona guztiak ez identifikatu eta salatzeak arriskuan jartzen ditu ingurumenaren beste defendatzaile batzuk, eta krimen honen arduradun direnak zigorgabe uzten ditu".