argia.eus
INPRIMATU
Berta Cáceres, botereari aurre egiteagatik hil duten ekintzailea
  • Berta Cáceres ekintzaile hondurastarra hil dute ostegunean bere etxean. Lenca herri indigenako liderra zen Cáceres, eta ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzaile sutsua izan da.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 04a
Berta Cáceres ekintzaile hondurastarra hil dute ostegunean bere etxean. Lenca herri indigenako liderra zen Cáceres, eta ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzaile sutsua izan da.

Indarrez sartu ziren bere etxera eta tiroz hil zuten, iturri lokalen arabera. Cáceresen amak adierazi duenez, poliziak aipatu du lapurreta saiakera izan zela, baina “badakigu bere borrokagatik hil dutela”. “Gobernuaren krimen politikoa izan da”, adierazi du Carlos H. Reyes Herritarren Erresistentziarako Fronte Nazionaleko (FNRP) zuzendariak.

Goldman sari ekologista lortu zuen azken urteetako borrokagatik 2015ean. Ekintzaile ekologistentzat aitorpen handiena duen saria da. Ekintzaile ekologistak lenka Honduraseko herri indigenarik handiena antolatu zuen Agua Zarcako presaren aurka borrokatzeko. Presa herrialdearen ipar-ekialdean eraiki behar zuten, eta leku hori oso garrantzitsua zen komunitate indigenen biziraupenerako.

“Agua Zarca presak ekarriko zukeen indigenak lekuz mugiaraztea, eta eragotziko ziekeen nekazaritza garatzea. Horrelako proiektuen ondorioz, ibaiek komunitateena izateari utzi, eta esku pribatuetara igarotzen dira”. Gobernuaren erantzun faltaren ondorioz, 2010ean Tegucigalpa hiriburuan protesta egin zuten Kongresuak proiektua bazter zezala eskatzeko, “baina enpresa pribatuen esku utzi zituzten herrialdeko ibaiak”. Azkenean, 2013an, Lenca herriak errepideak hartu zituen urtebetez makineriari bidea oztopatzeko. “Oso gogorra izan zen: militarrak, poliziak, guardia pribatuak edota sikarioak zeuden, eta hiru lider indigena hil zituzten”. Kanpaina horri esker, Sinohydro txinatar multinazionalak eta Munduko Bankuak baztertu egin zuten proiektu hidroelektriko hori.

Momentu honetan, Agua Zarca proiektua geldi dago, baina “beste leku batean eraikiko dutela mehatxatzen ari dira”. Blue Energy proiektua ere badago, Cangel ibaiaren gainean, kapital estatubatuarrarekin eta kanadarrarekin, eta Cáceresek mehatxu ugari jaso ditu proiektuaren aurka egindako borroka dela-eta.

Berta Cáceresen konpromisoa ez zen soilik bere herriarekin eta naturarekin izan, baita demokraziarekin ere. 2009ko ekainaren 28an Manuel Zelaya presidentea kargutik kendu zuen Estatu Kolpearen aurkako mobilizazioen burua izan zen. Testuinguru horretan, lider indigenak salatu zuen hainbat momentutan AEBek Hondurasen izandako presentzia militarra. Militar horiek hedatu ziren lenca herriaren inguruan operazio militarrak eginez, eta herrialdean zehar base militar gehiago eraikitzeko mehatxua egin zuten.  

Honduras, herrialde “arriskutsua” ekologistentzat

Global Witness txostenaren arabera, Honduras “munduko herrialderik arriskutsuena da ekologistentzat, herritar kopurua kontuan hartuta”. Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, 101 ekintzaile hil zituzten 2010 eta 2014. urte artean. “Gobernuek aldaketa klimatikoaren inguruan eztabaidatzen duten bitartean, ibaiak eta oihanak defendatzen dituztenak zigorgabetasun osoz hiltzen dituzte prentsa internazionalean inolako oihartzunik eragin gabe”.

Goldam saria lortu eta gero, Lenca herriko indigenak mehatxu ugari jaso zituen. Giza Eskubideen Batzorde Amerikarrak neurriak eskatu zituen bere segurtasuna bermatzeko, baina Estatuak ez zuen inoiz inolako neurririk hartu.