argia.eus
INPRIMATU
Berta Cáceres AEBekin lotura duten militarrek hil zutela uste du ikerketa judizialak
  • Berta Cáceres Hondurasko ekintzailea AEBekin lotura duten inteligentzia militarreko indar bereziek hil zutela uste du ikerketa judizialak. Hala eman du jakitera The Guardian egunkariak, eskuratu dituen filtratutako dokumentu batzuen arabera.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 02a

Ingurumenaren aldeko ekintzailea 2016ko martxoan hil zuten. Horren ostean, zortzi pertsona atxilotu zituzten susmagarri jota, horietako hiru militarrak. Horietatik bik AEBetan jaso zuten entrenamendu berezia. Batek aitortu zuen zerikusia eduki zuela hilketarekin, eta esan zuen aginduak jarraitzen zituela. Erantsi zuen Caceresen izena AEBetan entrenatutako indar bereziei helarazitako zerrenda “beltz” batean ikusi zuela.

Cáceres urtegi bat eraikitzearen kontrako lanetan zebilen, eta azpiegitura eraikitzen ari zen enpresaren buruak militarrak eta gobernuko kide ohiak dira. Atxilotutako militar bat enpresaren segurtasun burua izan zen 2013 eta 2015 bitartean.