argia.eus
INPRIMATU
“Berriztagarriak bai, honela ez” jardunaldiak egingo dira Iruñean urriaren 4an eta 6an
  • "Berriztagarriak bai, honela ez" jardunaldiak egingo dira Iruñean urriaren 4an eta 6an, 18:30etik 21:00ak arte, Kondestable Civivox-ean. Trantsizio energetikoa eta biodibertsitatea landuko dituzte bi egunetan, baliabide energetiko eta mineralen murrizketaren testuinguruan kokatuta.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko irailaren 29a
Haize-errotak Erreniegan. (Argazkia: Dani Blanco)

Urriaren 4an, astelehenez, honako hizlariak egongo dira. Sergi Saladiè: Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko Geografia Departamentuko irakaslea. Trantsizio energetiko demokratiko eta justu baterako oinarriak. Gonzalo Fernández: Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko ikertzailea eta Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformako militantea. Europako berreskuratze-funtsak: kapitalismo berdearen tresna. Julen Rekondo: Ingurumen-dibulgatzailea eta Ingurumeneko Espainiako Saridun Nazionala. Larrialdi klimatikoa: ez dago denborarik galtzeko.

Urriaren 6an, aldiz, honakoak. Álvaro Campos: Ingeniaritza Termikoko doktorea. ALIENTEko kidea. Trantsizio energetiko zentralizatua: ezinezko apustua. Adrián Almazán: Fisikako lizentziaduna eta Filosofiako doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Ekologistak Martxaneko kidea, Krisi energetikoa eta irtenbide faltsuak. Esperanza Ursua: Biologiako Doktorea. Biodibertsitatea defendatzea, bizitza defendatzea.

Jardunaldiak eguzki eta haize poligonoek kaltetutako Nafarroako herri eta bailaretako plataformen Koordinakundeak antolatu ditu, eta honetan, Anue, Oltza Zendea, Itza Zendea, Zizur Zendea, Eguesibar, Erroibar, Esteribar, Etxauri, Ezkabarte, Txulapain, Leotz, Lizoain-Arriasgoiti, Mendigorria, Muru Artedereta-Tebas, Odieta, Olaibar, Urbasa-Andia, Izarbeibar… bizilagunek parte-hartzen dute.

Elkarretaratzeak Nafarroa Arenan

Koordinadoratik azaldu dutenez, urriaren 6an eta 7an Arena Nafarroan “Trantsizio ekologikorako industriaren II. Nazioarteko Biltzarra egingo da, eta horren aurrean beste ikuspegi bat eman nahi dute. Aipatu bi egunetan, irekiera eta itxiera ekitaldietan Arena Nafarroaren aitzinean egingo diren elkarretaratzeetara joateko deia ere egin dute. Urriaren 6an, goizeko 8:30etik 10:00etara eta urriaren 7an 17:30etatik 20:00etara.

Koordinakundeak argi du herritar guztiak inplikatu behar direla trantsizio energetikoan: “Kontua ez da soilik petrolioa ordeztea berriztagarriekin”. Eta zein nolako jardunbideak diren beharrezkoak ere zehaztu dituzte: Energia-beharrak zehaztu; energia-eskaria murriztu; ahalik eta energia gehien ekoiztu kontsumitzen den lekuan; hiriguneak eta industrialdeak energia-ekoizpenean inplikatu; energia bezalako gizarte-ondasun baterako sarbide unibertsala bermatu; nagusi diren mugikortasun-, nekazaritza-, abeltzaintza- eta industria-ekoizpeneko ereduak eraldatu; eta ekoizpen energetikoa lur emankorraren, biodibertsitatearen eta kultura-ondarearen kontserbazioarekin bateragarri egin. Esaldi borobilarekin laburbildu dute esan nahi dutena: “Gurdiak ezin du idien aurretik joan, eta oligopolio energetikoak ezin du trantsizio energetikoa gidatu”.