argia.eus
INPRIMATU
Berriz ere medikurik gabe egon dira Amurrioko larrialdietan
  • Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku gabe jardutea”.

ARGIA @argia 2024ko azaroaren 05
Aiaraldea

Aiaraldeko bizilagunek aspalditik salatzen dute egoera. Urtarrilean Laudioko herritar bat hil zen, larrialdietan medikurik ez zegoenean, eta abuztuan, berriz, ZIU mugikorreko mediku falta pairatu zuen beste laudioar bat hil zen. Udan, hain justu, medikurik gabe aurkitu dituzte herritarrek Laudioko eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneak, behin baino gehiagotan. Eta udazkenean sartuta, oraindik ere arazoak dirauela erakusten dute pasa den igandeko moduko egoerek.

Eskualdean osasun sistema publikoa “murrizten eta ahultzen” joan direla eta larrialdiak bakarrik ez, lehen mailako arreta gainbehera jasaten ari dela salatu dute Aiaraldeko hainbat herritako bizilagunek. Nazkatuta, sinadura bilketa abiatu dute, osasun sistema “publiko eta duina” aldarrikatuz. “Osasun zerbitzuak uneoro egon behar dira %100ean”, adierazi dute.

Lau eskaera zehatz egin dituzte sinadura bilketan: Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan bermatzea beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionalak, baita medikuak ere; berdin Laudioko anbulantzia medikalizatuan; Osakidetzaren oinarrizko asistentzia-zerbitzuak bermatzea; eta Buru Osasunerako Zentroko arreta azkartzea eta arintzea.

Sinatu nahi izanez gero, aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.