argia.eus
INPRIMATU
Berriz ere grebara deitu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek, martxoaren 15etik 24ra
  • Bizkaiko erresidentzietako ELAko langileek salatu dute patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "bere horretan" jarraitzen dutela. "Zaintzarekin negozioa" egiten ari direla salatu du sindikatuak.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 10a
Bizkaiko erresidentzietako langileen mobilizazioa. (Argazkia: ELA)

Beste hamar greba egun deitu dituzte Bizkaiko erresidentzietako ELAko langileek. Martxoaren 15etik 24ra egingo dute greba, sindikatuak jakinarazi duenez. ELAk salatu du patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak "bere horretan" jarraitzen dutela. Gaineratu du Martxoaren 8aren harira "emakumeen aldeko hainbat ekintza propagandistiko" egin badituzte ere, ez dutela urratsik egiten "arlo feminizatu" horretan hobekuntzak egiteko.

Langile falta, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearekin (GUFE) parekatzea, lehen egunetik ordezkapenak egitea, lanaldi osoko kontratuak egitea edota lan osasunaren arloko hobekuntzak dira langileen aldarrikapenak, besteak beste. Bi urte baino gehiago dira aldarri horiek mahai gainean jarri zituztenetik, baina ELAk salatu du patronalek eta Aldundiak "entzungor" egiten dietela.

Horrez gain, "zaintzarekin negozioa" egiten jarraitzen dutela azpimarratu du sindikatuak: "Erabiltzaileentzako kuotak handitzen dituzte, baina diru hori ez da hobekuntzetara bideratzen, patronalen poltsikoetara baizik". 

Manifestazioa, martxoaren 15ean Bilbon

Bizkaiko erresidentzia guztietan egin dute grebarako deia, eta hainbat mobilizazio eta ekitaldi egingo dituztela iragarri dute. Lehen manifestazioa martxoaren 15ean izango da Bilbon, 11:00etan Guggenheim Museotik abiatuta.