10 urtetako ibilibidearen ondoren martxoaren 1ean agur esango du Topatuk. Abiapuntura itzuli eta berriz lehertzeko indar guztiak jarriko ditugu hurrengo pausoetan. Itzuliko dela zin eginda etengo da proiektua.
10 urte bete zituen pasa den urtarrilean Topatuk, eta orduan aurreratu bezala, hausnarketa batean murgilduta egon gara orain arte. Zein dira Gazte Proiektu Komunikatiboaren erronkak gaur egun? 2020an nolakoa izan behar du proiektu honek? Nola ulertzen dugu komunikazioa egun?
Galdera potoloak bezain erantzuteko zailak dira denak ere, baina badugu sormenik eta erantzunak bilatzeko bidean lehen geltokia egingo dugu datorren ostegunean Gasteizen ospatuko dugun mahai inguruan. Maider Galardi, Ion Telleria, Igor Goikolea eta Garazi Conderekin komunikazioaz, 2020az, gazteez, sare sozialez, podcastez… hitz egiteko aukera ezin hobea izango dugu Maialen Kortabarriak gidatuta, eta bertaratzera gonbidatzen zaituztegu, sorpresak ere izango baitira. Bidean, abiapuntura itzuli beharra dago sarri, berriro ere bideari ekiteko. Eta hala egingo du Gazte proiektu komunikatiboak ere: bildu, bilakatu eta berriz lehertu. Big bangean bezala, gure indar eta ilusio guztiak puntu batean biltzera goaz, materia metatzera. Eta emango du hutsik dagoela espazioa, baina momentu batean eztanda berriak berreraikiko du unibertsoa, eta birsortuko da gazte mundua.
Leherketa berrien mesedetan, beraz, agur esango du Topatuk martxoaren 1etik aurrera. Baina nostalgiarik ez! Aurrera eta alboetara begira gaude gazteak, baina ez atzera, eta Topatu izan den guztia daramagu motxilan, bide berriei ekiteko, Gazte Komunikazio Proiektua berrasmatzeko.
Zuri, irakurle, hartzaile, bazkide, gazte zirikatzaile eta ez hain gazte ez hain zirikatzaile. Zuri eskerrak eman nahi dizkizugu azken hamar urte hauengatik. Zuk egin duzu Topatu, zuek zarete Topatu! Eta aurrerantzean Gazte Komunikazio Proiektua izango denak ere izango du zuen zatitxo bat. Hala ere oparitxo bat utzi nahi dizue Topatuk: topatu.eus zein topatu.info webguneak ikusgarri egongo dira martxoaren 1etik aurrera, oroitzapen on zein ez hain onetan murgildu nahi duen edonorentzat.
Eta lasai, itzuliko gara, berrituak, indarrez lehertzera! Bitartean, hurren arte Topatu!