argia.eus
INPRIMATU
Berriro ireki dute Greziako telebista publikoa
  • Asteartean sartu dira berriro langileak Greziako irrati-telebista publikoaren (EPT) eraikinean. 2013ko ekainaren 11n itxi zuen komunikabide publikoa Samarasen gobernuak. Aurtengo apirilaren 29an, aldiz, Greziako Parlamentuak kaleratutako 2.595 pertsonetatik 1.500 langile berriro onartzeko legea onartu du. Bueltatuko diren langileak kontratu finkoa zutenak izango dira.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko maiatzaren 13a
EPTren eraikinaren kanpoaldea. (Argazkia: gnrd.net).

23 hilabetetan zehar kaleratuta egon badira ere, “EPT ez dela inoiz itxi” dio Vagelis Papadimitriou langileak. Eldiario.es-ek jaso duenez, EPTk modu autogestionatuan emititzen jarraitu du denbora guzti horretan. Kaleratutako langileek funtzionamenduan mantendu dituzte 19 irrati kate eta telebista emititzen jarraitu dute interneten. Lege berriak lau telebista katek emisio normaletara bueltatzea bermatuko du.

Troikarekin adostutako neurrien ondorioz itxi zuen Samarasek Greziako irrati-telebista publikoa. Herritarrek ordaintzen duten kanon bati esker finantzatzen zen hedabidea eta itxi ostean, kanon hori ez zen deuseztatu. Syrizaren gobernuak jakinarazi duenez, kanon horretatik eskuratzen denarekin ordainduko da hedabide publikoaren urteroko 300 milioi euroko kostua.

NERIT izeneko beste korporazio batek ordezkatu du orain arte EPT. Salatu dutenez, NERIT “aurreko gobernuaren propagandarako plataforma izan zen”. Orain, irrati-telebista publikoak NERIT irentsi dezakeela uste dute. Greziako estatu ministro Nikos Pappasek adierazi duenaren arabera, “hedabide ireki, independente eta iraganeko arazorik gabea sortzea da helburua”.

Makusi.tv-ko bideoa: