Larunbatean maiatzak 7, mugimendu antiabortistak berriro ere Amara Zaharreko Askabide klinikara prozesioa antolatu duela eta, aurre egiteko deia zabaldu du mugimendu feministak.
Mezularitza aplikazioen bidez zabaldu duten mezuan gogoratu dute egitasmo hau legez kanpokoa dela, 4/2022ko apirilaren 12ko legearen arabera.
Horrenbestez, dei egin dute larunbatean "Rezar no es delito" (errezatzea ez da delitua) lelopean egingo duten prozesioari aurre egitera eta beren prozesioa baino ordubete lehenago deialdia egin dute Easo plazan. "Oraingoan ez dira pasako!", diote.
Aurreko hilabetean helburu berarekin martxa egin zuten, eta Irutxuloko Hitzak jaso zuenez, eskuin muturreko Vox alderdiko kideak izan ziren bertan, tartean, Juan de Dios Davila, Gipuzkoako Vox-eko hautagaia. Abortatzeko eskubidearen aurkako mezuak zabaldu eta mezu matxistak erakutsi zituzten Koldo Mitxelenatik klinikaraino egindako ekitaldian. Tentsio handia izan zen Askabide klinikaren aurrean, Irutxuloko Hitzak eginiko bideoan ikus daitekeenez.