argia.eus
INPRIMATU
Irailera arte atzeratu dute oraingoan eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa
  • 2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak. 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuten astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta epaitu egingo dute. Epaiketa maiatzaren 14an egitekoak baziren ere, atestatua idatzi zuten bi ertzainei jakinarazpena bidali gabe zegoenez, atzeratu egin zuten maiatzaren 21era. Bigarren aldi honetan berriro atzeratu dute, oraingoan, bi ertzainetako bat ez delako epaiketara agertu, osasun arazoak argudiatuz.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 21a
Eraikin hau urteetan hutsik izan da eta astebeterako okupatu zuten, hutsik dirau berriro ere.

Epaiketaren data berria irailaren 17a da, 12:00etan. Udako oporrak tarteko, saio batetik hurrengora 30 egunetik gora igaroko direlako, berriz ere hasieratik hasi beharko dute.

Bizitza Da Handiena ekimenak, 63 herri mugimendu eta sindikaturen arteko elkarlanean, borroka sozialen astea egin zuen Donostian iazko maiatzean. Idiakez kaleko 6 zenbakiko eraikin publikoa okupatu zuten, eta okupatu zuen momentuan adierazi zuten bezala, astebetera okupazioa bukatutzat eman zuten. Astearte goizerako zegoen deituta epaiketa, eta dinamikatik bertatik kalean elkartasuna adieraztera eta epaiketa salatzera deitua zuten.

"Borroka kolektibo bat indibidualizatu nahi dute"

Epaitua izaten ari den Bizitza Da Handiena ekimeneko kidearen abokatuak orain astebete ARGIAri adierazi zion okupazio hura kolektiboa izan zela, astebeteko ekimenen barruan, eta goiz batez bertan zen kide bakarrari okupazioa egotzita indibidualizatu egin nahi dutela ardura kolektiboa. "Okupazio tenporala" izan zela azpimarratu du, eta epaiketa hau "zentzugabea" dela. Abokatuak salatzaile gisa deklaratu duen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren Probintziako idazkariari galdetu dio zergatik ez zuten kasu hauetarako dagoen prozedura administratiboa abiatu, eta zergatik jo zuten bide penaletik.