argia.eus
INPRIMATU
Basque misreadings erakusketa Gasteizko Oihanederren
Berrirakurtzen
  • 2017ko urtarrilaren 3an, Jone San Martinek honako hau esan zuen Berria egunkarian: Gure mugek azaleratzen dute gure sormena ere”. Edu Zelaietak, aldiz, zera irakurri zuen: “Gure sormenak azaleratzen ditu gure mugak ere”.

Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2020ko martxoaren 04a
Argazkia: Dospordos

Egitura eta hitz berberak dituzten bi esaldi hauek esanahi ezberdina dute. Irakurketa bihurri baten ondorioz, gogoak hitzekin jolasteko asmoa duela ematen du. Gaizki begiratutako horiei etekina atera nahi die idazle gasteiztarrak, eta hori da, hain zuzen, Basque Misreadings erakusketaren bidez egin nahi duena: gaizki irakurritakoei zentzu bat ematea.

Hizkiekin, testuekin eta literaturarekin, beste mundu batera eraman nahi gaituenarekin elkarlanean, Eneko Ugarte artista plastikoa dugu. Arabarrak eman dio forma erakusketari. Zelaietak aukeratutako eta aldatutako testuak zentzu artistikoan berrinterpretatu ditu. Horretarako, hainbat disziplina baliatu du: zuri beltza, kromatikoa eta hiru dimentsioko piezak. Azkenengo hauek jendeak ukitzeko, sartzeko eta jolasteko artelanak dira.

Artelan horiei esker, Oihaneder Euskararen Etxeko erakusgela zuria koloreztatu da. Askotariko formak eta materialak dituzten sorkuntzak jasotzen dituzte hormek. Espazio osoan sakabanatzen dira artelanak, eta bakoitzak testu bat darama beheko aldean.

Hormetatik haratago, lurrean sakabanatuta daude Berria egunkariak. Bidexka bat irudikatzen dute eta paperez egindako antzerki batera eramaten gaituzte. Gelaren erdian, hiru dimentsioko kutxa zuri batzuk daude. Marrazki urdinak dituzte, baina desordenatuta daudenez ezin da jakin zein den artelan horren benetako irudia, gerturatzen direnen eskuek erabakiko dute zein den artelan horren benetako itxura.

Modu anitzetan ulertu daitezkeen testu horien lehenengo bi interpretazioek ematen diote norabidea esposizioari. Hala ere, beste bi artistak ere parte hartzen dute diziplinarteko saio honetan: Ane Gebarak eta Beñat Goitiak. Bi sortzaile gazteek haien irakurketa egiten dute testuen inguruan. Ipuin kontalariak, Zelaietaren irakurketaren guztiz kontrakoa egin du, bere ahozkotasunerako bertutea erakutsiz. Beñatek, aldiz, gitarra doinuen bidez helarazi digu bere interpretazio propioa.

Beraz, Gasteizko sortzaile hauen helburua irakurritakoak begiratzean gogoak nora eramaten gaituen erakustea da. Inolako zuzenketarik egin gabe irakurritakoari eduki bat egoztea. Hausnarketarako bide ezberdin bat proposatu nahi digute, jarrera kritikoz osatua eta umore kutsuarekin.

Dospordos-en argazkiak: