argia.eus
INPRIMATU
Berriozarko trafiko seinaleak, behingoz euskaraz, AETri esker
  • Berriozar eta Iruñea arteko biribilgunean, kartel gehienak gaztelania hutsean zeuden. Administrazioan Euskaraz Taldeak Nafarroako Gobernuari eskatu zion ele bitan jar zitzala, eta hala jarri ditu. Gainera, goian euskara jarri du eta behean gaztelania, ele bitan jartzen denean Euskararen Dekretuak agintzen duen moduan.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko abenduaren 04a

Duela gutxi arte, Berriozarren eta Iruñearen arteko biribilgunean, kartel gehienak gaztelania hutsean zeuden. Administrazioan Euskaraz Taldeak Nafarroako Gobernuari egindako eskari bati esker, iritsi da aldaketa. Eta Euskararen Dekretuak agintzen duen moduan ("baina ia betetzen ez dena") egin dute. Euskarari lehentasuna eman diote. 

"Nolanahi ere, oroitarazi zigun ez dagoela legez behartua ele bitan jartzera. Hala da: Juan José Lizarbe eta Roberto Jiménez PSOEko kideek errekurtso bat jarri zuten Euskarari buruzko 103/2017 Foru Dekretuaren kontra, UGT sindikatua ordezkatuz" eta errepide sareko bide-seinaleak bi hizkuntzetan jartzeko artikulua baliogabetzea lortu zuten.

"Iduri du azkenaldian PSOE ohartu dela hizkuntza dibertsitatea gauza ona dela, eta, espainierak gain, beste hizkuntzek ere badutela balioa, eta zaindu behar direla. Hortaz, PSOE animatzen dugu, baita haren hurbileko UGT sindikatua ere, euskararen kontra egin izan dituzten gauza guztietan atzera egin dezaten, eta Nafarroako errepideetako seinaleetan euskara ager dezaten, legez. PSOE gobernuan mantentzen duten alderdiei ere eskatzen diegu anima dezatela horretara", dio AETk.