Aitzoainen (Nafarroa) duen tiro eremuan zabaltze lanak egiten ari da Espainiako Armadak. Bertan du kuartela eta egitasmo horrek ika-mika piztu du inguruko udalekin. Armadak Ezkaba mendian jarri nahi duen hesi handiari ezetza eman berri dio Berriobeitiko Udalak.
Amerika 66 Erregimentuaren kuartela duela hilabete batzuk hasi zen tiro eremua zabaltze lanetan eta dagoeneko lau solairuko eraikina egin du bertan maniobrak egiteko. Horrez gain, 52 hektareako lur eremua hesitu nahi du, oraingo tiro eremua zabaltzeko. Hesi honek hartuko luke Ezkaba mendiko hego-mendebal magalaren zati oso handia, egungo tiro eremutik Ezkaba tontorreraino.
Espainiako Defentsa Ministerioak joan den apirilaren 15ean eskatu zion baimena Berriobeitiko Udalari eta joan den asteartean udalak ezetza eman dio, argudiatuz horiek baso komunalak direla eta ezin dela halakorik egin. Gaur egun abereentzako belar esparru gisa edo baso ustiaketarako erabiltzen dira lurrok. Iruñerriko herritarrek, halaber, erabilera handia ematen diote aisialdirako, bai oinez, bai bizikletaz.
Diario de Noticias egunkariak dioenez, Berriobetiko alkatetza (Navarra Suma) udalaren idazkaritzak prestatutako txostenean oinarritu da militarren eskaria atzera botatzeko. Txostena Nafarroako Gobernuko lau alorretako atalez osatuta dago: lur komunalen atala, estrategia eta lurralde antolaketa, ingurumena eta memoria historikoa.
Horrez gain, obrak egin nahi diren lur eremuaren jabetzari buruzko auzia ere badela erakutsi du udalaren txostenak, militarrek haien jabetza direla baitiote eta udalaren iritziz gaur egungo katastroan argi adierazten da lurrak hainbat udal erakunderenak direla.