argia.eus
INPRIMATU
Berriatuako saioan erabaki da nortzuk diren finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolariak
  • Final laurdenetako bost saioetako irabazleak finalaurrekoetan entzungo ditugu berriro: Imanol Uria, Malen Amenabar, Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Oihana Bartra. Puntuazioaren arabera pasako dira beste bost: Ander Elortegi, Unai Mendiburu, Eneko Abasolo Abarkas, Arrate Illaro eta Julen Erezuma. 2016an finalista izan ziren zortzi bertsolariek finalaurrekoetan hasiko dute bidea aurten: Xabat Galletebeitia, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Beñat Ugartetxea, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Ibon Ajuriagojeaskoa. Fase horretako lehenengo hitzordua, hilaren 18an, Berrizen.

Dabi Piedra 2018ko azaroaren 05a
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.

Bost final laurdenak jokatuta, finalaurrekoen atarian da orain txapelketa. Hain zuzen ere, Berriatuako Mendibarren pilotalekuan jokatutako azken final laurdenean jakin genituen finalaurrekoetan ariko diren guztien izenak. Horietako bat Oihana Bartra izango da, Berriatuan garaile izan baitzen. 2014ko finalean parte hartu eta gero, 2016koan huts egin zuen, eta indar betean ekin dio Miribillara itzultzeko bideari.

Hasieratik amaierara, oholtzako beste kideen gainetik aritu zen Bartra. Ideiak aise josi zituen, huts nabarmenik gabe. Epaileek 469 puntu eman zizkioten; Josune Aramendi bigarrenak 446,5 batu zituen. Huts txiki batzuk gorabehera, dotore aritu zen markinarra, baina bertsoaldi batzuk biribiltzea falta izan zitzaion, atzetik geratu ziren gainerakoei bezala. Hirugarren, Ibai Amillategi izan zen, 446 punturekin. Kantaera sendoari esker, entzuleak bereganatu zituen hainbatetan.

Beste hirurak atzerago gelditu ziren: Itxaso Paia (411,5), Lander Ibarluzea Aitxulua (404,5) eta Asier Alcedo (399). Saioko une bitxia Aitxuluaren eskutik heldu zen, zortziko handiko ariketa zortziko txikiko doinuarekin hasi baitzuen. Alabaina, entzuleak berotzen ere asmatu zuen. Esate baterako, Alcedorekin batera, hamarreko txikian, aspaldiko musika taldea berpiztearen alde botatako bertsoek txalo ugari eragin zituzten. “Berriro Rolling Stones, behar dau herriak/ goroldiorik ez dau dabilen harriak”, bukatu zuen lana Aitxuluak.

Kartzelakoan hau zuten gaia: “Luzaro egon zara mezua idazten. Okerreko pertsonari bialdu deutsazu”. Gehienbat, bikote-harremanei heldu zieten bertsolariek. Adibidez, ikuspegi horretatik Oihana Bartrak goitik behera josi zuen istorioa, eta azken puntuan errematea jo. Mezua okerreko pertsonari bidali arren, damu handirik ez zuen agertu seietako batek ere, Aitxuluak botatako sententzia lekuko: “Makinak ere erratzen dira, eta pertsonak gehiago”.