argia.eus
INPRIMATU
‘Berria’ egunkariko zuzendaritza Amagoia Mujikak hartuko du, Martxelo Otamendiren ordez
  • Otamendi 30 urtez izan da Euskaldunon Egunkariako eta Berriako zuzendari, eta erretiroa hartuko du 65 urte beteta. Mujika 1995etik da bi hedabide horietako kazetari, eta zuzendariorde aritu da azken urteetan.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 05
Amagoia Mujika Tolaretxipi 1995etik izan da 'Euskaldunon Egunkaria' eta 'Berria'ko erredakzioko kidea. Argazkia: Berria.

Uztailaren 1ean egingo dute Berria egunkariaren gidaritza aldaketa, hedabideak hogei urte bete dituen urte honetan. Martxelo Otamendik zuzendari kargua utziko du, erretiroa hartzeko. Haren hutsunea beteko du Amagoia Mujika Tolaretxipik, egungo zuzendariordeak. Mujika 1995ean hasi zen Euskaldunon Egunkarian, hori indarrez itxitakoan Eguneron jarraitu zuen, eta Berriako erredakzioan hasieratik aritu da lanean, hainbat sailetan eta kargutan; egun zuzendariordea da.

Ostiralean egin zuten Berria Taldearen akziodunen batzarra, eta bertan egin zuten publiko albistea. 30 urte egin ditu zuzendari postuan Otamendik, lehenik Euskaldunon Egunkarian eta gero Berria egunkarian. Orain, Administrazio Kontseiluaren kide izatera pasako da. Batzarrean lantaldearen garrantzia azpimarratu zuten, eta Otamendik eta Mujikak berretsi zuten lema hartzea errazagoa dela horrelako lantaldearekin.

Mujikak dio “erronka” izango dela ardura berria, eta udazkenerako aldaketa gehiago iragarri ditu: “Berria eguneratuko da aldi konplexu hau hobeto kontatu, aztertu, ulertzen laguntzeko asmoz. Ahalegin hori edizio digitalean zein inprimatuan nabarituko du irakurleak”. Digitalizazioan indarra jarriko dute, eta jakinarazi dute diseinuan ere aldaketak sumatuko direla. “Jauzi digitala” aipatu dute, eta nabarmendu “egunkari moderno” bilakatzeko prozesua dela egungo erronka.