"Berri Txarrakekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut" idatzi du Gorka Urbizu taldeko abeslariak Berri Txarraken webgunean argitaratu den komunikatuan.
"Hogeitaka urtetan atsedenik hartu gabe aritu ondoren, egunetik egunera nekezagoa zait higadura emozional eta fisiko honi aurre egitea. Oraintxe bertan gure erritmoak ez doaz parean eta ez gaude %100ean jarraitzeko moduan", jarraitzen du agiriak. "Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da".
Asteazken eguerdian publiko egin den testuan Urbizuk esplikatzen duenez, musika eta sormena ulertzeko modu asko dago, "baina momentu batetik aurrera ezbaidan jarri beahr da ia dena. Erabaki beharra dago beti atezuan dagoen inertziarekin ze harreman mota eduki nahi duzun. Aroak ixten asmatu eta berriak abiatzen saiatu. Bestela esanda: ikasten segi".
2019ko biraren ondoren etorriko da etenaldia
2019an prestatu duten bira luzearen ondoren taldeak "etenaldi mugagabea" egitea erabaki dute eta hala jakinarazi die zaleei. Ikusi Arte Tour 2019 biraren inguruko xehetasunak datozen egunetan emango dituztela ere iragarri dute.
Bederatzi disko, dokumental bat eta single bilduma bat argitaratu ditu Berri Txarrak taldeak duela 25 urte martxan jarri zenetik. 100 abesti baino gehiago eta mundu osoan barrena jo dituzten mila kontzertu baino gehiago.
"Gu bagoaz, baina gugan betirako iraungo du akorde bakoitzean txertatu genuen leitmotiv horrek: JAIO.MUSIKA.HIL. Hori, berrizaleok, ezingo digu inortxok ere kendu. Estutu bana", esaldiarekin bukatu du komunikatua Urbizuk taldearen izenean.