Larunbateko manifestazioa baino lehen 200 bat eragileren atxikimendua jasotzea, "esfortzuak eta aldarrikapenak bateratuz", "arrakastatsua" da Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren hitzetan. "Beste Bilbo bat" exijitzeko dekalogoa aurkeztu dute.
Otro Bilbao es posible, kale ez da isilduko lelopean larunbatean Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eginiko manifestazio deialdiarekin 200 bat kolektibok bat egin dute. Gaur, hedabideen aurrean, jasotako babesa "arrakasta" gisa laburbildu dute, eta mobilizazioaren ostean, "batasun horri eusteko" mezua zabaldu du Aitziber Virgel federazioko kideak: "Elkartzen gaituenean arreta jarriz eta elkarlana sustatuz indartsuago eta eraginkorragoak izateko, nork bere ohiko lan eremua baztertu gabe".
Izan ere, oso izaera desberdineko kolektiboek "beste Bilbo bat posible dela" irizten dute, hiri "gizatarriagoa eta sozialagoa". Horretarako, beharrezko jotzen dituzten aldaketak dekalogo batera eraman dituzte. Besteak beste, erakundeetan parte hartzeko bideak exijitzen dituzte, "aldarrikapenak eta irtenbideak konpartitzeko". Udalak, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izaki, "zubi lana" egin behar du Bizkaiko Foru Aldundiarekin edota Eusko Jaurlaritzarekin, eta herritarren konfidantza berreskuratzeko "parte-hartzerik gabe ezarritako proiektuei amaiera eman behar die".
Parte hartzearen bitartez hainbat gai jorratu nahi dituzte, esaterako, azpiegitura publikoak, kultur ondarea, jasangarritasuna, auzoen arteko desberdintasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, genero indarkeria, enplegua edota etxebizitza.
Argiro diote hiri "irekia" izan nahi dute bai bertan bizi direnentzat bai bisitan datozenentzat, baina ez "irizpide gabeko erakusleiho hiri bat, mugarik gabeko turismo komertzilaren menpekoa".
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.