Turismoaren karbono-aztarnaren garapena munduko ekonomiarena baino bi aldiz handiagoa da: urtean %3,5 emendatu da 2009tik 2019ra –orokorrean, isurketek urtean %1,5eko garapena izan dute–. Erran beharra dago, turismoak, bere horretan, beste sektoreek baino kalte handiagoa eragiten duela ingurumenean –demagun, zerbitzuetan baino lau aldiz CO2 emisio gehiago isurtzen du turismoaren sektoreak–.
Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira. Ikerleek oroitarazten dutenari segi, Pariseko Hitzarmenak finkaturiko berotze globala +1,5 °C-ra mugatzeko helburua lortzeko, urtean %10 baino gehiago murriztu beharko lirateke sektoreko emisioak, 2050era arte. Joera kontrako norantzan doala argi gelditzen da ikerketan.
Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten dute turistek, eta beste behin nabari zaigu bakar batzuengatik ari dela mundu osoa klima larrialdiaren pairatzen –Hego globaleko herri zaurgarrienak gehienbat, gainera–: turismoan kutsatzaileenak diren hogei herriek isurtzen dituzte gas emisio horien hiru laurdenak. Demagun, turismoaren aztarna osoaren % 19 da turista estatubatuarrarengatik eta %15 turista txinatarrengatik.
Aldatu beharra: hegazkinaren erabilpena
Ikerlarien arabera, ez dira baitezpada joan-etorri turistikoak tipitu behar, hain zuzen ere, turista guziek ez dutelako hein berean kutsatzen eta ez litzatekeelako "justua eta bidezkoa". Eman beharreko aldaketa argi dute: hegazkina gutiago erabiltzea. Hegazkin bidez bidaiatzen diren turisten kopuru handia delako arazoaren oinarrian.
Azterketa egiterakoan, 175 herritako gastu turistikoak kontuan hartu dituzte, baita turismoak 62 herritan eragindako emaitza ekonomikoak eta 113 herritako turismorako kontsumo datuak ere, guztia Gloria izeneko datu-baseari esker finduta. Urtea bukatzeko egun batzuk eskas ditugula, erran daiteke 20.000 milioi turista zenbatuko direla 2024 urtean.