argia.eus
INPRIMATU
Beroketa gasen isuriak %84 murriztu behar dira mende erdirako, hondamendi klimatikoari aurre egiteko
  • Gaur egungo erritmoan eta berehalako neurri eraginkorrak hartu ezean, hondamendi klimatikora goaz zuzenean. Argi dio NBEko Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak; hainbat neurri eta epe zehaztu dizkie gobernuei. Agintariak ohartarazpenekiko entzungor jokatzen dutela-eta, “historiako greba zientifiko eta akademiko handiena” deitu du Matxinada Zientifikoa mugimenduak.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 05a
Argazkia: Scientific Rebellion

Sarri entzun duguna errepikatzen du IPCC taldearen txostenak: berandu gabiltza eta erabakiak hartzeko unea da, larrialdi klimatikoaren ondorio okerrenei aurre egin ahal izateko. Egungo erritmoan, berotze globala 3,2 gradukoa izango da 2100. urterako, eta gogoratu behar dugu gehienez 1,5 graduko berotzea jarri zutela helburu gobernuek, Parisko Klima Gailurrean.

2019ko datuei erreparatuta, gas isurien %34 sektore energetikoari dagozkio, %24 industriari, %22 nekazaritza-abeltzaintzari, %15 garraioari eta %6 eraikuntzari. Isurien %70 hirietan kontzentratzen da –gainera goranzkoa da joera–, eta hain justu, klima aldaketari aurre egiteko hiriek duten rol funtsezkoa azpimarratzen du txostenak.

Neurriak eta epeak

Planeta 1,5 gradu baino gehiago ez berotzea lortu nahi bada, neurri garrantzitsuak hartu beharko dira datozen hamarkadetan. Hala nola:

Berotegi gasen isurketek 2025erako jo beharko dute goia, eta gero nabarmen jaitsi beharko dira isurketa horiek.

Zehazki, 2030erako %43 egin behar dute behera isuriek (2019ko datuekiko), eta %84 murriztu 2050erako.

Erregai fosiletan, 2050erako murriztu beharko da ikatz kontsumoa %95, petrolioa %60 eta gasa %45.

Garraioari lotuta, ibilgailuen isuriak %59 murriztu beha dira 2050erako –garraio publikoa, telelana, digitalizazioa… aipatzen dira horretarako–.

Erabateko deskarbonizazioa edo zero isuria lortzea konplikatua dela baina lortu daitekeela dio txostenak, eta bide horretan energia iturri alternatiboen garrantzia azpimarratu dute adituek. Klima larrialdiari aurre egitea premiazkoa izateaz gain, isurien arintzea enpleguan eta aukera komertzialetan positiboa izan daitekeela ondorioztatu du txostenak.

Aditu taldearen txostena, prozesu baten amaiera

Klima Aldaketaren Gobernu arteko Taldeko lantaldeek munduko egoera klimatikoa ebaluatzeko seigarren prozesuan amaitu dute beren agintaldia eta iaztik hiru txosten argitaratu dituzte: lehenengoa, 2021eko abuztuan amaitua, oinarri zientifikoei buruzkoa; bigarrena, 2022ko otsailean, inpaktuei eta egokitzapenari buruzkoa; eta azken hau, isuriak murrizteko politikez.

65 herrialdetako 278 zientzialari aritu dira azken txostenean, eta beste 354 adituk hartu du parte.

Zientzialariak, greban

Aste honetan zehar, 25 herrialdetan ekintzak iragarri ditu Scientific Rebellion mugimenduak, eta grebara deitu du. Beraien hitzetan, zientzialariek behin eta berriz ohartarazpen larriak egin arren, agintariek ez dute aldaketa klimatikoari aurre egiteko benetako politikarik martxan jartzen, eta nazkatuta daude. “Berehalako muturreko ekintzak” abiatzeko eskatu diete gobernuei, hondamendi klimatikoari aurre egiteko. Planetari egindako kalteak konponezinak direla diote, baina inflexio puntu batean gaudela.