argia.eus
INPRIMATU
Beroari aurre egiteko landareengandik ikasi
  • Ez gaude udaren erdian baina uda-bihotza ari du eta uda mina jasanezina da. Giro zakar hauen emana ugaritzen ari dela diote. Nik ez dakit; lehen ere nonbaiteko suak erretzen zituen uztailak eta agorrilak.

Jakoba Errekondo 2022ko uztailaren 14a
Kuia erraldoiak hostoak eraitsita, eguzki galda sahiesteko.

Etengabeko aldaketaren egungo hinkari “klima aldaketa” esaten diogu, milioika urtean aldatzen den lehen aldia delakoan edo… Berotze aldi honetan jan eta elikatzen segi nahi badugu, beroak jo baina gori-belztu baino lehenago landareek hartzen dituzten erabakiak eta horien araberako jokabideak ezagutzen hasi beharko dugu berandu baino lehen. Landare bakoitzak hautatzen eta jokatzen du bere ibilmoldea.

Uda parteko ohiko galdera izaten da hostoak kiribildu eta makurtzen dituen tomate landarea (Solanum lycopersicum) zenbat eta zer maiztasunekin ureztatu behar den. Tomatea basamortu ertzetik datorren landarea da. Beroaren berri ez diogu guk emango; horrexegatik hain pattal bizitzen da gure isuri atlantiarrean. Landare gehienek hostoak lurraren plano paralelotan zabaltzen dituzte, eguzkiaren bila. Bada tomatea bezalako landare berozale batek hostoak tolestu eta makurtzen baditu, bero ikaragarria dagoela esaten ari zaigu. Ezin du hostoak tente, zabal eta guri eusteko adina ur sustraietatik igo eta nahiago du eguzki gutxiago hartu eta bizitzetik irauterako koska jaitsi. Ahal bezain pronto igoko du atzera. Berdin jokatzen dute hosto handiak dituzten kuia erraldoiak (Cucurbita pepo) eta Gernikako kuiak (Cucurbita moschata) ere.

Asta-uraza (Lactuca serriola).

Euskal Herriko hegoaldeko lurretan bizi den asta-uraza (Lactuca serriola) zaildua da lan horietan. Beroaldi handienak baliatzen badaki. Inguruko landareek beroak gorena jotzerako hazi, loratu eta haziak eman dituzte eta zimeldu dira. Berak bakardade horrek eskaintzen dion elikagaiak sustrairatzeko parada mauka bihurtzen du, eta hazi, garatu, loreak zabaldu eta haziak hedatzen ditu. Horretarako estrategia ezin asmotsuagoa, buruargiagoa eta zoliagoa borobildua du. Hostoak ez ditu lurraren plano paraleloan zabaltzen, bertikalean baizik. Horrela goiznabarrean eta ilunsentian soilik jotzen du eguzkiak, ahulena denean; eta eguzkia hobeto saihesteko hostoen plano bertikala ipar-hego norabidean dago. Hosto horiek argizarizko estaldura dute, eta kolore berde argi-argia, glaukoa, argia islatzeko. Inguruan landare gutxirekin, animalia belarjaleen hortzak uxatzeko kirats ederra eta eragin psikotropiko nabarmenak dituen latex toxikoa ditu.

Asta-urazak ipar-hego norabidea argi du. Guk noranzko ibilmoldea egin nahi dugu gure (alaba-semeen) etorkizuneko elikadurarekin?