argia.eus
INPRIMATU
Beroagatik izaten diren heriotzen herena baino gehiago klima aldaketak eragindakoak dira
  • Munduan urtero beroak eragiten dituen heriotzen %37 klima aldaketari egotzi dio nazioarteko ikerketa berri batek, arlo honetan orain arte egin den handiena. Hego Euskal Herriko hiriburuen datuak ere ageri dira: 33 pertsona hiltzen dira urtero lau hiriburuetan klima aldaketak eragindako beroagatik.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 01

43 estatutako 732 hiritako datuak aztertu dituzte Suitzako Bernako Unibertsitateko eta Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolako ikertzaileek. Alderatu dituzte beroaldiek iraganean eta gaur egun eragindako osasun kalteak, eta hortik zehaztu dute hildakoen zein kopuru den klima aldaketa antropogenikoari egotzi dakiokeena.

Gero eta okerrago

Bi ondorio nagusi atera dituzte: batetik, klima aldaketari lotutako heriotza hauen kopuruak gora egitea aurreikusten da. Munduko Metereologia Erakundeak esana du hurrengo bosturtekoan biziko dugula historiako urterik beroena. “Beroarekin lotutako heriotzen proportzioak gora egingo du, aldaketa klimatikoaren aurka zerbait egiten ez badugu edo bero hauetara egokitzeko ezer egiten ez badugu”, adierazi dute azterketaren egileek.

Bestetik, ikusi dute hego hemisferioko lurraldeak direla heriotza hauengatik kaltetuenak, hain juxtu berotegi-gas gutxien isurtzen duten lurraldeak. Erdi eta Hego Amerika (Ekuador eta Kolonbia, adibidez) nabarmentzen dira ikerketan, baita Kuwait eta Iran herrialdeak ere, besteak beste. Dena den, ikerketak mugak dituela adierazi dute egileek, Afrikako edota Asia hegoaldeko herrialde ugari ezin izan dituztelako aztertu, datu faltagatik.