Bereziki landa-lurzoruan eta lurzoru urbanizaezinetan arriskua eragin dezaketen erabilpen eta jarduera jakin batzuetako murrizketa eta debekuak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak.
Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ebazpena kaleratu du astearte honetan. Murrizketa eta debekuen eremuak eta ordutegiak zehaztu ditu. EAE lau eremutan banatu du Eusko Jaurlaritzak: Kostaldea, Kantauri Zonaldeko Barnealdea, Iragaite-zona eta Ebro ondoko-eskualdea.
Asteartean argitaratutako ebazpenean hirugarren eta laugarren eremuak alerta laranjan daudela adierazi du eta bertan murrizketa eta debekuak aplikatuko direla 13:00etatik 21:00etara.
Honakoak dira murrizketa eta debekuak:
Sua erabiltzea edo sua egin dezaketen jarduerak egitea debekatua dago, hala nola nekazaritza eta baso.eremuetan txinpartak edo antzekoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea debekatua dago, baita barbakoak egitea ere. Hori guztia ere debekatuta dago 300 metro baina gutxiagora dauden hiri-lurzoruetatik, zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik.
Baso-pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea ere debekatu dute. Beti ere ez bada lanpostura edo ohiko bizilekura joateko. Ezinbesteko kasuetan ere onartu da. Debekaturik dago, ordea, halako ibilgailuekin landaredi-eremuak zeharkatzea eta horietan gelditzea edo aparkatzea.
Alarma gorri egoera ezartzen bada, aurreko jarduera guztiak debekatuko dira 24 orduz.
Jaurlaritzak adierazi du murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daitekeela, eta isunak 1.501 eurotik 30.001 eurora artekoak izan daitezkeela.