argia.eus
INPRIMATU
Bero-boladek gutxienez beste 40 urte iraungo dutela adierazi du Munduko Meteorologia Erakundeak
  • Asteartean Erresuma Batuan 40,2ºC-ko tenperatura errekorra egon da. Artean, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) abisatu du gutxienez 2060 urtera arte planetak berotzen jarraituko duela, aldaketa klimatikoa gelditzea lortu ala ez.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 20a
Argazkia: Pixinio.

Azken asteetan egondako bero-boladek Europa zeharkatu dute Portugaletik Balkanetaraino. Erresuma Batuan aurretik zegoen tenperatura maximo errekorra (datuak denetik) 39,1ªC-koa zen, asteartean ordea, Heathrow Londreseko aireportuan 40,2ºC-tara iritsi zen tenperatura, errekor berria ezarriz. Europako beste hainbat lekutan suteak egon dira, Nafarroan kasu.

Azkeneko hamarkadetan aldaketa klimatikoak gero eta eragin handiagoa du suteen meteorologian eta erretzen den lurrazalean. Sute benetan suntsitzaileak ikusten ari gara eta datozen urteetan halako gehiagorako prestatu behar dugula dio Scientific Reports aldizkariko azterketa batek. Petteri Taalas, MMEko idazkari nagusia, bat dator horrekin. Genevan emandako prentsaurrekoan bero-boladak “gero eta ohikoagoak” direla adierazi zuen, aldaketa klimatikoaren ondorioz: “etorkizunean halako bero-boladak ohikoak izango dira eta muturrekoagoak ikusiko ditugu”.

IPS albiste-agentziak adierazi duenez, Europako hainbat lekutan, batez ere Espainiako eta Frantziako Estatuetan, baso-suteak egon dira eta bizitza urbanoa kaltetu egin da, “ehunka bizitza galdu” dira baita ere. Taalasek prentsaurrekoan gogorarazi du 2003an bero-bolada batek Europan 75.000 hildako utzi zituela.

Munduko beste hainbat lekutan ere bero-bolada bortitzak jo du, hala nola Indian edo Pakistanen eta ohikoa baino euri gutxiago egin duenez ehunka mila pertsonen bizitzan eragin du. Indiako Meteorologia Departamentuak adierazi du tenperatura 45-50 ºC artean egon dela eta Pakistangoak 50ªC-ra iritsi direla behin baina gehiagotan.

MMEk adierazi du muturreko bero hauek munduaren aldaketa naturalaren parte direla, eredu klimatiko globalean izan diren aldaketen ondorioz. Baina ziurtatu du azken hamarkadetan maiztasuna, iraupena eta intentsitatea handitzeak lotura argia duela giza jarduerari egotz dakiokeen berotze globalarekin.