argia.eus
INPRIMATU
'Spotlight' filmaren atzean zegoen historia
Bernard Law hil da, Bostongo apaizen pederastia kasuak ezkutatu zituen artzapezpiku ohia
  • Bernard Law kardinal estatubatuarra Erroman hil da asteazken goizean 84 urterekin. Bostongo artzapezpikua izan zen eta eliza katolikoaren pederastia kasuak ezkutatzeaz akusatuta utzi zuen kargua. Duela bi urte film onenaren Oscar saria irabazi zuen Spotlight filmeak berriz ekarri zuen lehen lerrora eskandalua.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 20a
Law artzapezpikuak sexu-abusuak urtetan ezkutatu zituela frogatu zuten Bostongo kazetariek.

1961ean egin zen apaiz Law eta 1984tik 2002ra bitartean izan zen Bostongo artzapezpiku. Tarte horretan AEBetako hiriko zenbait apaizek haurren kontra egindako sexu-abusuak ezkutatu izanaren erantzule nagusitzat jo zuten Boston Globe egunkariko kazetariek 2002an, ikerketa sakona egin ondoren.

Kazetarien ikerketa argitaratu izanaren ondorioz eskandalu mediatiko handia sortu zen eta Lawk artzapezpiku kargua utzi zuen.

Boston Globe-k erakutsi zuen nola Lawk banan-banan babestu zituen haurren kontra abusatu zuten apaizak, polizia jakinaren gainean jarri gabe eta problemaren aurkako neurririk hartu gabe. Gainera, ikerketak lagundu zuen erakusten apaiz abusatzaileak babesteko metodo bera erabili zuela eliza katolikoak, ez bakarrik AEBetako beste estatu batzuetan, baita munduko beste hainbat herrialdetan ere.

Apaiz katolikoen sexu-abusuek eman dute zeresana Euskal Herrian ere: aurten bertan Juan Kruz Mendizabalen kasua ezagun egin da, lau lagunek haren eskutik jasandako gehiegikeriak argitara atera ondoren. Baina ez da kasu bakarra. Alberto Barandiaran, Miren Rubio eta Iñigo Astiz kazetariek azaroan argitaratu dute Ez duzu abusatuko liburua, zeinak biltzen dituen urtetan euskal elizako kideek haurren kontra egindako delitu sexualak.