argia.eus
INPRIMATU
Bermeon itunpeko eskolek “gain-eskaintza larria” egiten dutela salatu dute
  • Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute eskola publikoko familiek, eta Hezkuntza Saila seinalatu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko urtarrilaren 15
San Frantzisko ikastetxea

Bai berriki onarturiko Hezkuntza Legeak bai EAEko hainbat dekretu eta aginduk diote eskola-plazen gain-eskaintza saihestuko dela eta eskaintza egokitu behar dela eskolaratze-premia errealetara. Datuak eskutan, baina, Bermeon egoera ez dela hori salatu dute San Frantzisko herri ikastetxe publikoko familiek, eta urgentziazko bilera eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari.

Bermeon (Gernika eta Zornotza ere nabarmentzen dituzte) itunpeko plazen gain-eskaintza "bereziki larria" eta "segregatzailea" dela diote, eta horrek, bizi dugun jaiotze-tasaren beherakadari lotuta, inguruko eskola publiko txikiak hustea, ixtea edota fusionatzea ekarriko duela.

98 ume, hiru ikastetxetan banatuta

Datutara ekarri dute panorama San Frantziskoko familiek. Joan den ikasturtean, 2 urteko 89 umeetatik 23 esleitu zitzaizkion eskola publikoari (36 haurrentzako eskaintza egin zuen Jaurlaritzak, nahiz eta 54 plazarentzako ahalmena duela azpimarratu duten familiek), 28 Eleizalde ikastolari (50 plaza eskaini zituzten) eta 38 Sagrado Corazón kristau eskolari (beste 50 eskaini zituzten).

Datorren ikasturtera begira otsailean abiatuko den matrikulazio kanpainan 2 urteko 98 umek hartuko du parte. San Frantzisko eskola publikoan, 2 urteko gelan 54 plaza eta hiru gela betetzeko ahalmena dutela dio guraso elkarteak, baina 36 umerentzako matrikulazio aurreikuspena duela Eusko Jaurlaritzak. Kontuak kontu, 54 plaza horiek publikoan betez gero, beste 44 ume hartu beharko lituzkete bi itunduek, “guztira hiru gela, eta ez aurten itunduta dauzkaten bost gelak”. Publikoko guraso elkartearen hitzetan, “bi zentroen artean Haur Hezkuntzako bigarren ziklo osorako 100 plaza dauzkate itunduta, behar diren %227”.

Ikastetxe kontzertatuek 2 urteko gelarentzat Jaurlaritzarekin itunduta dutenak aukera ematen die 3. eta 4. mailan 92 ume hartzeko, eta Lehen Hezkuntzan, berriz, baita 100 haur hartzeko ere, San Frantziskotik salatu dutenez: "Udalerriko eskolatze-premia osoa" da hori, "injustua, ez eraginkorra eta ilegala".