Kabidxe gune sozialean biltzen diren taldeek kezka adierazi dute. Udal Gobernuarekin (EAJ) interlokuziorako proposamena bidalita ere, hedabideen bidez jakin dute haiek, udalarekin 2014an adostutako akordioaren arabera, kudeatutako lokal publikoan ezarri nahi dutela Gaztelugatxeko interpretazio zentroa. Hala, ostiralean, 18:00etan Kabidxe gunean egingo duten prentsaurrekora joateko deia egin dute.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta EAJko alkategaiak jakinarazi du abian dela Gaztelugatxeko interpretazio zentroa egun Kabidxe gune soziala dagoen lokal publikoetan ezartzeko proiektua. El Correo hedabidean azpimarratu du "euskal kostaldeko leku bakanetako batek duen historia, berezitasun naturala eta kondaira zein mitoak" ezagutarazteko balioko duela.
Kabidxe gune soziala Bermeoko erdigunean dago, Alde Zaharreko goiko plazan BBKk zituen bulegoetan. Erakundearen gizarte-ekintzaren murrizketagatik erabilerarik gabe geratu ondoren, Udalaren esku geratu zen lokalaren kudeaketa . Hori dela eta, 2014an gizarteko eta kulturako hainbat talderen esku utzi zuen kudeaketa, eta gaur egun indarrean dagoen hitzarmen baten bidez.
Gaur egun, Kabidxen Bermeoko kultur eta herri ekimenak antolatzen dira, hala nola San Juan, Olentzero, Euskara Eguna, Txosnen Batzordearen batzarrak eta herriko talde eta pertsona askoren bilerak. Esate baterako, azken asteetan Andrea Jaurrieta zuzendariaren 'Nina' filmaren ekoizpen taldeak Kabidxe erabili du filmaketako hainbat jardueratarako.
Kolektiboa osatzen duten hogei bat taldeek ohar bidez adierazi dute hain kezka, arriskuan ikusten dutelako herriko eragile eta norbanako guztiei zabaldutako gune sozialaren etorkizuna. Gainera, berriki, prozesu parte-hartzailea burutu dutela jakinarazi dute eta haren bidez "eraketa, parte hartze eta erabilera sistemak errebisatu eta adostu berri dituztela". Era berean, jakinarazi dute Udal Gobernuaren asmoa hedabideen bidez jaso dutela, nahiz eta interlokuziorako proposamena udalari helarazi dioten.
Hortaz, ostiralean (maiatzak 26), 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute gune sozialean bertan, "S.O.S Kabidxe" lelopean "ezinegona eta haserrea" erakusteko. Bermeoko herritarrei bertaratzeko deia egin die.