argia.eus
INPRIMATU
Bermeoko ‘Beti Euskal Herria’ itsasontziko “esklabismoa” salatu du LABek
  • Sindikatuak salatu du Bermeoko baxurako arrantzako itsasontzia amarratua geratuko dela. "Egoera penagarrian" lan egiten zuten langileak kaleratu dituzte, aurretik informazio edo azalpenik jaso gabe. Beti Euskal Herria ontziko arduradunen jokabidea arrantza sektorearen bilakaeraren isla dela adierazi dute: "Sektorearekiko instituzioen utzikeria eta armadoreen interes pribatua langileriaren zapalkuntza areagotzea dakar"

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 09a
Arrantzaleen egoeraren aurkako protesta (LAB)

Maiatzaren 8an itsasoratzeko momentuan ez zirela irtengo esan zuen armadoreak, azalpenik gabe. Arrantzaleek ez zuten ulertzen zer gertatzen ari zen, kofradiara joan ziren informazioa bilatzera eta bertan jakin zuten enpresak langile guztiak gizarte segurantzatik atera zituela.

LAB sindikatuak salatu du gertatutakoa, ez zutela jaso abisurik, ez kontratu bukaera, ez kaleratze gutunik, ez kitatze-agiririk, ez kalte-ordainik, ez kaleratzearen inguruko azalpenik.

"Egoera tamalgarrian" lan egiten zuten kaleratutako arrantzaleek, sindikatuak salatu duenez. Zortzitik lauk lan kontratu gabe zeuden, eta gizarte segurantzarik gabe. Itsasoan lan egitean are larriagoa da hori, beharrezkoak diren segurtasun, salbamendu, lehen laguntza edo sorospen kurtsorik ez dituztelako jasotzen. Horrelako praktikak azkeneko urteetan orokortu egin dira arrantzaren sektorean, LABek salatu duenez. Armadoreen interesak langileen egoeraren gainean jartzen direla eta zapalkuntza egoerak sortzen dituztela adierazi dute. Arrantzaren sektorearen krisiak eta instituzioek arrantzaren etorkizunarentzako neurririk ez hartzeak menderakuntza egoerak areagotzen dituzte, sindikatuaren arabera.

Enpresariak legearen gainetik daudela azpimarratu dute LABen, eta langileen lana galtzeko beldurra erabiltzen dutela beraien menpe edukitzeko: “Egoera prekarioetan bizi diren migratzaileez aprobetxatzen dira, kontratuak ez egiteko eta langileen eskubideak ez betetzeko”. Arrantza sektorea Euskal Herriko esplotazioaren aurpegi bilakatzen ari dela diote, LABek horren aurkako borrokara deitu du, eta instituzioen arrazismoa salatu du. Langile kanpotarrei oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkiela iritzi dio, eta XXI. mendeko arrantza sektoreko "esklabotza" bukatzeko, ezinbestekotzat jo du horiek bermatzea.