argia.eus
INPRIMATU
Juan Maria Aburto: “Berme ematen dut Lanbiden ez direla 200 langile kaleratuko”
  • Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua elkarrizketatu du El País egunkariak. Lanbideko gatazkaz, Tubacex-ek Kantabrian egindako inbertsioaz, erreforma fiskalaz eta Fagor-ek eragindako krisiaz hitz egin du, besteak beste. Hona hainbat pasarte euskaratuta.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 25
Aburtoren hitzetan, "bailararik kaltetuenetan zuzenean egingo dugu lan, 20 milioi euroko programa baten bidez". L. Rico

ELA eta LAB sindikatuen arabera Lanbiden 200 langile kanporatuko dituztela-eta, Aburtok ziurtatu du hori ez dela gertatuko: "Berme ematen dizut hori ez dela egia eta nire sinesgarritasuna jartzen dut jokoan, behar izanez gero. Lanbiden lan egiten duten guztiak dira beharrezkoak, baina 190 lagun aldi baterako programako funtzionario moduan daude kontratatuta. Aldi baterako zaku hori 86 lagunera murriztu nahi dugu. Orain Lanbiden 900 langile badira eta horietatik 190 aldi baterakoak, proposamena da 814 eta 86ko zakua (...) Logikoena da pentsatzea herrialdeak hobera egingo duela eta beraz Lanbidek dagoen lanaren arabera egokitutako egitura izan behar du. Orain lanean ari diren pertsonak beharrezkoak dira, baina hemendik hiru urtera 62.000 hartzaile beharrean 30.000 baldin badira eta langabezia tasa %15etik %9ra jaitsi bada, norbaitek galdetu dezake: baina zeinek diseinatu du hau? Hala ere, ez da kaleratzerik izango (...) Gatazka hau bihar baino gaur desblokeatzea nahi duten lehenengoak gu geu gara. Berriz diot, guretzat funtsezkoa da Lanbide bezalako zerbitzu publiko bat izatea, egoki funtzionatuko duena. Legegintzaldi honetan egingo dugunaren zati inportante bat dugu jokoan".

PSErekin adostutako erreforma fiskalaz galdetuta, sailburuaren hitzetan "beti egon naiz ongizate gizarteari lotuta egongo den eta Europako iparraldera begiratuko duen fiskalitate mailakatu baten alde, eta hortaz ez dut egingo zergak jaistea ekarriko lukeen fiskalitate baten alde, ez horratio".

Fagor-eko krisiaz Aburtok onartu du "drama bat" dela "eta Deba Garaitik harago doan eragin biderkatzailea" duela. "Mungiako enpresa bat itxi dute eta beste asko kaltetuta daude. Bailararik kaltetuenetan zuzenean egingo dugu lan, 20 milioi euroko programa baten bidez".

Tubacex enpresak Kantabrian inbertituko duela ere gogorarazi dio kazetariak sailburuari. Horren harira, Aburtoren esanetan "ziurgabetasuna eta lan harremanetako giro txarra da herrialde honi gerta dakiokeen okerrena. Lasaitasuna eta konfiantzan oinarritutako eredua behar dugu, parte-hartzean (...) Susmoa da gatazka ez dela ezertarako ona eta ez die onik egiten kanpotik begiratzen gaituztenei. Baina objektiboak izan behar dugu eta Tubacex-ek kanpoan ibertituko zuela zioen egun berean, Gestamp-ek proiektu ona bat jarri zuen mahai gainean Euskadirentzako. Argi-ilunak daude, bi aldeetara begiratu behar da".

Patronalen ustez, lan kosteak oztopo dira ekonomiaren susperraldirako. "Egungo egoeran, gastu hauei eusteko ahalegina egin behar dela uste dut, baina lehiakortasuna ezin da oinarritu soldata jaistean. Euskadik soldata altuagoak izan ditu historikoki eta oso lehiakorra izan da. Produktibitate adierazle altuak izan ditu baita ere".

Urtarrilean, lan-hitzarmen ugari bertan behera geratuko direla eta borroka enpresetara igaroko dela-eta, "egon daitekeen egoerarik okerrena" izango dela uste du sailburuak: "Enpresa txiki askorentzat eta jardun ekonomikoarentzat egoera beldurgarria ekarriko du horrek".