argia.eus
INPRIMATU
Berlinaleko sari nagusia lortu duen Carla Simon Donostiako ikastaro batean izango da ostiral honetan
  • Carla Simon zine zuzendari kataluniarra Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean hitz egitekoa zen ostiral honetan. Alcarràs filmarekin Berlinale jaialdiko Urrezko Hartza eskuratu du asteazkenean eta "agenda eta logistika" kontuak medio, Ana Pfaff muntatzailearekin batera egitekoa zen solasaldia online formatura pasa da.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko otsailaren 17a
Carla Simon Berlingo zine jaialdian (argazkia: Berlinale).

Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatutako "Zinemagileen arteko elkarrizketak" zikloaren barruan hitz egingo du Simonek, telematikoki. Koldo Mitxelenako areto nagusian ikusi ahalko da solasaldia, ostiralean, 19:00etatik aurrera. "Zinemagileen arteko elkarrizketak" ikastaroko matrikulazio-epea itxita dagoenez, izena emanda zutenentzat erreserbatutako jarduera izango da.

2017ko Estiu 1993 filmarekin ibilbide zinematografiko sendo bati hasiera eman zion egileak solaskide izango du Ana Pfaff, bide horretan ezinbesteko kolaboratzaile izan duen muntatzailea. Donostiarekin lotura dute biek, EQZEko lankideak izateaz gain, irakasle-taldeko kideak baitira.

Elkarrizketak berez piztu zuen interesari –280 lagunek eman zuten izena "Zinemagileen arteko elkarrizketak" ikastaroan– gehitu zaio asteazken honetan Berlingo zine jaialdiko sari nagusia irabazi duela Simonen azken pelikulak. Eta ez edonola gainera: Hong Sangsoo edo Claire Denis bezalako egileen lanekin lehiatu ondoren jaso du epaimahaiaren aitortza Alcarràs-ek, Simonen film berriak. Berlinen horrelako hasiera izan ondoren, apirilaren 29an estreinatuko da Hego Euskal Herriko zine aretoetan.

Drama familiarra da Alcarràs, nekazaritza-jardueren desagerpena abiapuntu duen istorio bat. Profesionalak ez diren aktoreekin errodatua, filmak badu harremanik zuzendariaren bizitzarekin, haren senide batzuek frutagintzan lan egiten baitzuten pelikulari izena ematen dion herrian. Alde horretatik, egon daiteke Estiu 1993-rekin lotzen duen hari bat, duela bost urte estreinatu zuen lehen film luzean Simonek bere haurtzaroko momentu bat izan baitzuen oinarri.

Ostiraleko solasaldian, pelikula baten atzean egon ohi den lan ikusezinaz arituko dira. Zinemaldiak eta EQZEk azpimarratu dutenez, "proiektu zinematografiko batean, begirada artistikoa zuzendariari egozten bazaio ere, gidoia, finantzaketa, ekoizpena, filmaketa edo postprodukzioa errealizazioaren zati ukaezinak dira. Hori dela eta, zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak ikuspegi artistiko desberdinak partekatuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak".