Berlin, 1936. Helena Mayer alemaniarrak zilarrezko domina irabazi du esgriman. Ikuslez lepo dagoen Berlingo estadioan zintzilikatu diote. Adolf Hitler ere bertan dago. Urrezko domina Elek-Schacherer hungariarrak irabazi du eta bere herrialdeko ereserkia jotzen hasi direnean podiumera igo diren hiru atletak (Schacherer, Mayer eta Ellen Preiss austriarra) Hungariako banderari begira jarri dira. Une horretantxe Mayerrek eskuin besoa altxa eta agur nazia egin du. Publikoak agurra errepikatu du. Estadioa bor-borka dago.
Beste edozein atleta alemaniar izan balitz normala litzateke. Alderdi Naziak ideal nazional-sozialistak harrotasunez zabaltzeko antolatu ditu Joko Olinpiar hauek eta Joseph Paul Goebbelsen gidaritzapean, aparatu propagandistikoak lan oso ona egin du. Baina besoa luzatu duen atleta Helena Mayer da. Alemaniako Offenbach herrian jaio arren Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, bere jaioterriko esgrima eskolatik bidali egin baitzuten. Judua da. Eta juduak arraza arioaren etsaiak dira; guztiok dakigu hori. Baina Joko Olinpiarretan nazismoak bere aurpegirik “zintzoena” erakutsi nahi du eta hainbat atleta juduri selekzioarekin parte hartzeko eskatu die. Trukean, herritar arioen moduan tratatuko dituzte. Mayerrek onartu du eta, nonbait, esker ona erakutsi nahi izan dio führer eskuzabalari.
Oscar Moreno eta Jordi Mayoral historialariek Kataluniako Sapiens aldizkarian idatzitako Jueus al servei de Hitler (Juduak Hitlerren zerbitzura) erreportajean dioten moduan, 1931n, Berlin 1936ko Joko Olinpiarrak jasotzeko aukeratu zutenean, inor gutxik espero zuen euren erabilera propagandistikoa zela-eta nabarmenduko zirenik, baina mundu osoko herritarrak aurki konturatu ziren etor zitekeenaz. 1919an sortutako Alderdi Nazia indarrez sartu zen politikaren esparruan 30eko hamarkada hasieran eta 1933an Adolf Hitler alderdiko burua kantziler izendatu zuten. Apurka-apurka, Estatuak eskaintzen zituen tresna demokratikoak abileziaz erabilita, Alderdi Nazia ideal nazional-sozialista bazter guztietan txertatzen hasi zen. Aberriarekiko harrotasuna lau haizetara zabaltzen zuen eta sentimendu horrek alemaniarrak erakarri zituen.
Dena den, munduaren begietara nazismoak bestelako irudia zuen eta Joko Olinpiarrak aitzakia ederra ziren Alemania Berriaren aurpegirik zintzoena erakusteko. Joseph Paul Goebbels aparatu propagandistikoaren burua arduratu zen horretaz. Alemaniak bere irudia apur bat garbitu zuen (juduei jokoetan parte hartzen utzita, adibidez), baina argi zegoen ekitaldi erraldoi horrek euren ideiak barreiatzeko eskaintzen zien aukera ez zutela alferrik galtzen utziko. Jokoen harira, eredu greko-erromatarretan oinarritutako artea berreskuratu zuen nazismoak, maila goreneko arrazaren erakusgarri; eta kirolariak ziren eredu horren isla: ilehoriak, altuak, indartsuak… ederrak. Jokoen kartelak ere (goiko irudian) nazismoaren idealak jasotzen zituen.
Joseph P. Goebbelsek maisutasunez erabili zituen prentsa, irratia eta zinema. Herritarrak konbentzitzea zuen xede eta Alderdi Naziak bere mitinetan biltzen zuen jendetzak helburua lortu zuela erakusten du. Inperialismo alemaniarraren suspertzearen aurrean, AEB, Frantzia eta Britainia Handia beldur ziren eta Joko Olinpiarrek izan zezaketen erabilera propagandistikoaz jakitun, Alemaniak atleten segurtasuna bermatzeko eta arraza-segregaziorik ez izateko eskatu zioten Nazioarteko Batzorde Olinpiarrari (NBO). Artean, Hitlerrek Alemaniako antolakuntza batzordeko presidente Theodore Lewald kargutik kendu nahi izan zuen, sustrai juduak zituelako, baina NBO erakundeak halakorik egitea eragotzi zion. Bestalde, Bartzelonan Herri Olinpiadak antolatu zituzten. Izaera antifaxista zuten joko alternatibo horiek ordea, 1936ko uztailaren 19an hastekoak ziren eta egun bat lehenago Espainiako Gerra Zibila lehertu zen. Ondorioz, jokoak bertan behera geratu ziren. Ekimenak Kataluniako, Espainiako eta Frantziako Gobernuen babesa izan zuen eta orotara 23 herrialdetako sei mila kirolarik hartu behar zuten parte. Kataluniak, Galiziak eta Euskal Herriak ordezkaritza propioa zuten.
Erregimen nazia indar osoz ahalegindu zen Alemania Berriaren aurpegi onena erakusten. Hogeita hamar milioi dolar xahutu zituen: 110.000 laguntzentzako estadioa, kirol desberdinak jasotzeko instalakuntzak eta luxuzko hiri olinpiarra eraiki zituen. Gainera, helmugetarako argazki-sistema berria (foto finish) eta estadioan kamera-zirkuitu itxia estreinatu zituen, besteak beste.
Telebistaz eskaini zituzten aurreneko joko olinpiarrak izan ziren baina seinalea lokala zenez, irrati bidez zabaldu ziren gehien. Berrogei herrialdetara iritsi zen irratiaren seinalea. Berlingo etxeetan telebistarik ez zegoenez, hiri horretako antzokietan pantaila erraldoiak jarri zituzten. Bestalde, Leni Riefenstahl zinemagileak zinemagintzaren historiako maisulanetako bat filmatu zuen: Olympia. Filmak bi zati zituen –Fest der Schömheit (Edertasunaren festa) eta Fest der Völker (Nazioen festa)- eta ideologia nazia helburu propagandistiko nabarmenekin islatzen zuen.
1936ko abuztuaren 1ean Adolf Hitlerrek ordura arteko joko olinpiko onenak ireki zituen. Hogeitamar tronpeten soinuaz lagundurik, Deutschland Über Allesen gerizpean sartu zen estadiora eta besoa altxatuz ‘Heil Hitler!’ agurtu zuten 110.000 ikusle suharrek. Une horretantxe sugar olinpikoa sartu zen eta hiru mila kantarik Richard Straussek konposaturiko Alemaniako ereserkia abestu zuten. Ondoren Alderdi Naziaren ereserkia interpretatu zuten eta amaitzean kanpai handi baten soinu hotsak entzun ziren. Hitlerren Gaztediaren desfilea hasi zen orduan. Palkuan agintari ugari zegoen baina hutsune garrantzitsuak ere bazeuden: Pierre de Coubertin baroia, joko olinpiko modernoen aita, ez zen azaldu, ekitaldia inguratzen zuen parafernalia ez baitzuen gustuko.
Kontuak kontu, Joko Olinpikoek antolaketa bikaina izan zuten eta sortu zuen ikusminari esker, nazismoa indartuta atera zen. Alemaniak, gainera, domina ugari lortu zituen: urrezko 33, zilarrezko 26 eta brontzezko 30. Inork baino gehiago. Hori guztia herritarrak sarean harrapatzeko gutxi balitz, Helena Mayerrek lortutako zilarrezko dominak ukitu ederra eman zien Joko Olinpikoei, Hitlerren gozamenerako. Führer-ak domina irabazi zuten kirolari guztiak zoriondu zituen, altuera-jauzian nagusitu zen Cornelius Johnson atleta estatubatuar beltza izan ezik. Hala ere, ez zion hark eman buruhauste gehien, Jesse Owensek baizik.
Alabaman (AEB) jaiotako atleta beltzak parte hartu zuen froga guztietan irabazi zuen: 100 metro, 200 metro, 4x100m eta luzera-jauzian. Jokoetan amateur bezala lehiatu arren arerio alemaniar guztiak umiliatu zituen. Estadioan bildutako jendetzak biziki txalotu zuen eta luzera-saltoan zilarrezko domina eskuratu zuen Carl Luz Long alemaniarrak bostekoa luzatu zion. Hitlerrek, ordea, haserrealdi galanta hartu zuen. Batzuentzat, Jesse Owensen garaipen horiek nazismoaren lehenengo porrot ideologikoa ekarri zuten.
Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
Ancient Earth mapa birtualak gure herrialdea, eskualdea, hiria... duela milioika urte non zegoen ikusteko aukera ematen du Dinosaurpictures.org/ancient-earth helbidean.
Toponimoa idatzi eta 750 milioi urte atzera egiten duen kronologian garai bat aukeratuta, emaitza puntu... [+]
Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Lucy-ren hezurdura aurkitu zuten Hadarren, giza arbasoen arrasto zaharrenetakoa. Australopithecus afarensis espezieko hominidoak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean ditu.
Homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat. Mende erdi... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Berkeleyko unibertsitateko (Kalifornia, AEB) arkeologo talde baten arabera, ezkerreko irudian ageri den eszena ez litzateke zuzena. Hau da, gizakiek ez zituzten lantzak jaurtitzen mamutak eta beste ugaztun handi batzuk ehizatzeko. Horixe zen orain arte zabalduen zegoen... [+]
Zamora, X. mendearen amaiera. Duero ibaiaren ertzean eta hiriko harresietatik kanpo Santiago de los Caballeros eliza eraiki zuten. Eliza barruko kapiteletan askotariko eszenak irudikatu zituzten, besteak beste, eduki sexualak zituztenak: orgia bat, emakume biluzi bat gizon baten... [+]
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Bera (Nafarroa), 1924ko azaroaren 7a. Anarkista talde bat Beran sartu zen goizaldean, Primo de Riveraren diktaduraren aurka egin eta Espainiako Estatuan iraultza abiatu asmoz.
Espainiatik eta Hego Euskal Herritik Baiona, Hendaia eta Donibane Lohizunera ihes egindakoen artean... [+]