argia.eus
INPRIMATU
Bergaran elkarretaratzea deitu dute erraustegi asmoaren kontra
  • Ekologistak Martxan mugimenduak elkarretaratzea deitu du Bergaran azaroaren 4 iluntzerako, herri horretan paper fabriketako hondakinak gasifikazioz tratatzeko eraiki nahi duten plantaren kontra. Talde ekologista hori izan da Larramendi industrialdean eraiki nahi duten hondakin plantaren benetako izaera salatzen lehena.

     

Zero Zabor @zero_zabor 2021eko azaroaren 04a
Bergarako Larramendi industrialdea, Basalgo auzoan.

Egunotan jakin denez, Bergarako Udalak balio gabe utzi du Valogreene Paper BC SM enpresari emandako hirigintza-bateragarritasun txostena, proiektuaren sustatzaileek hasierako agirietan adierazitako jarduera ez datorrelako bat ez ingurumen-baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin, ezta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerarekin ere..

Bergarako udalak hasiera batean proiektuari argi berdea eman zion, baina Berriak zabaldu zuenez aldi berean ikerketa bat eskatu zioten Fitchner aholkulari enpresa katalanari, hondakinak tratatzeko planta berriak izan ditzakeen eraginak aztertzeko. Horren ondotik etorri da udalaren erabaki berria.

Paper hondakinak tratzeko plantaren sustatzaileek esku artean zekartenaz herritarrei ohartarazten zien Ekologistak Martxaneko Piter Encinasek urriaren 10ean, enpresak publikoki publizitatutako asmoaren azpian zegoena benetan zer zen argi esanaz: "Bergaran erraustegi bat. Orain dela bi aste jakinarazi ziguten Jaurlaritzak proiektu bat zuela, Bergarako Basalgo auzoan erraustegi bat ipini nahi duela, pirolisi sistema bidezkoa. Zein berezitasun dauka pirolisi sistemak? Batez ere, errausketan oxigenoaren gabezia; horren ondorioz, ke gutxiago sortzen da. Zein antzekotasun dauka beste errausketekin pirolisi sistemak? Hondakinak ez ditu eliminatzen, baizik eta ikatz, gas, hondakin solido edota likido bihurtzen ditu, batzuk kalterik egiten ez dutenak eta beste batzuk toxikoagoak; eta metal astunak, dioxinak, furanoak... sortzen ditu. Holako proiektu ilun guztietan bezala, ikusten den lehen gauza joko zikina da".

Orain Ekologistak Martxanek elkarretaratze batean biltzeko deia egin die Bergara eta inguruko herritarrei, erraustegi berri bat eraikitzeko asmoa salatzeko.