Egitarau mardula prestatu dute Bergarako irrati libreko kideek: musika, literatura eta tailerrak. Besteren artean, martxoaren 29an Txapa Eguna egingo dute.
Euskal Herriko irrati libre askoren gisara, 1980. hamarkadan sortu zuten Bergarako Txapa Irratia, 1984an. 1989ra bitartean herriko sindikatu batek utzi lokal batean hasi zen emititzen irratsaioak, udalaren jabetzako lokal batean finkatu zen arte. Handik Bergarako Kartzela zaharrera mugitu eta bertan jarraitzen du proiektuak, hasierako oinarriak aldatu gabe: autogestioa, autofinantziazioa eta burujabetza. Euskal Herriko Irrati Libreen Arrosa Sareko kide esanguratsua da Txapa Irratia.
Ikasturte honetan ospatuko dute urteurrena eta lehen ekintza otsailaren 23an izan zen Kartzela zaharrean bertan (Aitor Escobarren kontzertua). Hau da prestatu duten egitaraua:
Lander Juaristi Txapako kideak Goiena hedabideari azaldu dioenez, urtero hainbat ekintza antolatzen dituzte, baina urteurrenean irratia "balioan" jartzeko asmoa dute: "Urteurrena baliatu nahi dugu 40 urteak eta urte horietan pasa diren ahots eta irratsaio guztiak balioan jartzeko".
Andoni LarraƱaga irratiko kideak azpimarratu du irratia herrira "zertxobait gehiago" hurbiltzea dela helburua: "Txapak historikoki musika eta beste adierazpen batzuk herrira gerturatu izan ditu, eta hori egiteko asmoa daukagu". Musika eskaintzaz gain, egungo irratiko kideek eta kide ohiek bazkaria egingo dute martxoaren 29an Pertxa elkartean.