argia.eus
INPRIMATU
AHT-ren xahubidea
Bergarako lotuneko beste zati bat esleitu du Adifek: kilometroko 35 milioi euro
  • Espainiako Sustapen ministerioak Euskal Y-aren bigarren zati bat esleitu du Bergarako lotunean, trenbide azkarraren sareak bat egiten duen tokian.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 19a
AHTren obrak Antzuola eta Ezkio artean(Argazkia: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila)

5,21 kilometroko luzera duen zatia egiteko 182,7 milioi euro emango dizkio Dragados, Tecsa eta Amenabarrek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari, 30 hilabeteko epearekin.

Berrikitan, Europako Kontu Auzitegiak kaleratutako txosten batek nabarmentzen zuen AHT sarea egiteak batez beste 25 milioi euro kostako zuela kilometroko Europan, eta gehiegizkotzat jotzen zuen gastu hori. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako azpiegituretako sailburuak azalpenak eman behar izan ditu eta esan du Euskal Y-aren kilometro bakoitza 27,4 milioiren bueltan ibiliko dela, “ez gaude hain urrun”.

Baina Adifek eginiko azkeneko esleipenak ez du hala adierazten: 34,86 milioi eurokoa izango da kilometro bakoitzeko. Zati hori ia erabat joango da lurpean, Udalaitz mendia aldez alde zulatuko duten 4,6 kilometroko bi tunelekin.

Bergarako lotuneko AHTren zatiek urte askotako atzerapena daramate.  Bere garaian oso merke esleitu ziren –%51ko beherapena izan zuten– eta obraren konplexutasunaren ondorioz enpresak atzera bota ziren azkenean. Diseinu berria esleitzeko orduan, duen kostu itzela agerian geratu da orain.

Ekopol unibertsitate taldeak emandako datuen arabera, ordea, gastua askoz handiago izan daiteke euskal AHTri dagokionez, bes. Talde honek 10.000 milioi eurotan zenbatu du, azkenerako, balizko trenbidearen 175 kilometroek kostako dutena, hau da, kilometro bakoitza 57 milioi euro.