argia.eus
INPRIMATU
Bergarako erraustegi proiektuaren erruz, 200 langileko kooperatiba bat herritik joan dela salatu du Udalak
  • Bergarako Udalaren webgunean irakur daiteke albistea izenburu honekin: 200 langileko kooperatiba batek Bergaratik joatea erabaki du Valogreene-k bertan ezarri nahi duelako hondakinen planta. "Paper-industriaren hondakinen tratamendurako planta Bergaran ezarri aurretik, dagoeneko eragin dio kaltea herriari", adierazi dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko abenduaren 13a
Bergarako Larramendiko poligonoaren planoa.

Negozioa handitzeko asmotan den eta egoitza nagusia Bergaran duen 200 langile baino gehiagoko kooperatiba batek abenduaren 9ko batzarrean erabaki du Larramendiko poligonora joan beharrean, Arrasatera joatea.

"Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper BC, SL-k ustez sortuko lituzkeen 15 lanpostuak herriko kooperatibako 200 horien gainetik jarri ditu. Ez hori bakarrik, hondakinen planta bertan ezarriko balitz ez dago ziurtatzerik beste enpresa batzuk bertara joango direnik ere. Larramendiko poligonoa kondenatu dute horrela Eusko Jaurlaritzak, eta bere menpeko den, eta Larramendi kudeatzen duen Sprik (Enpresa Garapenerako Euskal agentzia), azken honen eskutik etorri baita Valogreene Bergarara. Noiz eta ehun ekonomikoa indartzea ezinbestekoa den garai honetan", salatu du Udalak.

EH Bilduko Gorka Artola Alberdi alkate duen Udalak dio aurkeztutako proiektua arautegiaren aurkakoa izateaz gain, hasieratik zalantzak eragin dituela ingurumen ikuspegitik. Kezka adierazi dute aurreko astean Eusko Legebiltzarrean 'Tapia Legea' gisa ere ezagun egiten ari den formularen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak "goi mailako interes publikoko proiektuak" aurka dauden herriei inposatzeko eskumena eskuratu duelako.

Gogorarazi dute Bergarako Udalak Lege horren kontrako mozioa onartu zuela azaroaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, argudiatuz udalen autonomia urratuko duela, eta HAPOa, Bergararen kasuan aho batez onartutakoa, baliorik gabe utziko duela.