Urteak dira Bergaran kontsumoaz eta lehen sektoreaz lanketa zabala egiten hasi zirela. Ereindajan kooperatibaren eta Elikadura Mahaiaren sorrerak bultzada izan ziren lanketa orokor horretan. Azken urteotan, azoka plazaren inguruko hausnarketa prozesuan buru-belarri aritu dira. “Bergarako azokak proiektu integrala behar zuela sumatzen genuen, zapatuko azokak funtzionatzen bazuen ere, eguneroko postu finko geroz eta gutxiago baitzeuden, eta proposamen bat behar zen”, azaldu du Aitziber Plazaola Oregi Ereindajaneko eta Elikaeneko kideak. Azpeitiko Elikagunea izan dute eredu.
Irailaren 6an inauguratu zuten Bergarako Oxirondo azokako gune berria, Elikaenea, baina urteetako eta jende askoren lana dago atzean. Azokaren inguruko hausnarketa prozesuan ikusi zuten eraikineko beheko solairuan, eskuineko aldeko postu asko itxita zeudela. “Ezkerreko postu gehienak irekita zeuden eta funtzionatzen zuten, eta hori ikusita, erabaki genuen horiek mantentzea eta eskuineko aldean egitea obra, espazio zabal handi bat sortzeko, eta bertan denda berria eta sukaldea eraikitzeko”. Erdiko espazio irekia lehen bezala mantendu dute, baserritarrek asteazken eta larunbatetan egiten baitute azoka bertan.
Hitzarmen bidez, udalak Ereindajan kooperatibaren esku utzi du gune berria kudeatzeko eta dinamizatzeko ardura. 330 bazkide-kontsumitzaile eta 27 bazkide-ekoizle zituen aurretik Ereindajanek, eta proiektu berria abian, espero dute pixkanaka kopuru hori handitzea eta herritar gehiagorengana iristea. “Bazkideek %5-eko deskontua dute erosketa guztietan, informazioa jasotzen dute, lehentasuna dute produktu batzuetan… baina dendan erosteko ez da zertan bazkide izan”, nabarmendu du Plazaolak.
Eskualdean ekoitzitako produktuek dute lehentasuna Elikaenean, baita produktu ekologikoek ere, eta eskualdean falta dituzten produktuak Euskal Herritik ekartzen dituzte. “Gaur egun, ia denetik ekoizten da Euskal Herrian, gauza freskoak hemen hurbilekoak dira gehienetan, eta Nafarroako produktuekin sasoia luzatzeko aukera dugu”, azaldu du. Badira kanpotik dakartzaten produktuak ere, eta horiek eredu ekologikotik eta bidezko merkataritzatik eskuratzen dituzte. Asteroko erosketa saskia betetzeko, elikagaiez gain denetik dute dendan: garbiketa produktuak eta bestelakoak.
Eta saltokiaz gain, sukaldea ere jarri dute martxan. “Sukaldea bertako produktuari irteera emateko beste erreminta bat da, horiek eraldatuta eta prestatuta ere eskaintzea da asmoa”, azaldu du Plazaolak. Plater desberdinak prestatuko dituzte egunero, eta kontsumitzaileek errazio eta menu formatua izanen dute aukeran. “Dendaz eta sukaldeaz gain, hemen bestelako ekimenak ere antolatuko ditugu, jendea erakartzea eta espazio bizi bat sortzea baita ideia, azokek beti bete izan duten sozializazio funtzioa berreskuratuta”, amaitu du.